Bigarrenez gailentzeko bidea hartuta

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak 2 eta 0 irabazi dute Thomas Urrutiaren eta Thibault Basqueren kontra, Eusko Label Winter Seriesen finalerdien ligaxkako lehen partiduan.

Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra iazko garaipena berresteko prest daude. Eusko Label Winter Seriesen zalantzaren bat edo beste erakutsita ere, txapelketa bigarrenez jarraian irabazteko hautagaitza plazaratu zuten atzo [urtarrilak 6], Thomas Urrutia donibanegaraztarraren eta Thibault Basque bidartarraren kontra 2 eta 0 gailenduta. Lea-Artibaiko bikotea ligaxkaren buruan ipini da, lau puntu patrikan dituela. Hori bai, finalaurreko ligaxkaren lehen norgehiagokan sufritzea egokitu zitzaien, Urrutiak eta Basquek osaturiko bikote gazteak gauzak asko zialdu zizkietelako. Hain zuzen ere, lehen seteko 13 eta 11kora eta bigarrenaren 12 eta 10ekora arte, Ipar Euskal Herriko puntistak aurretik aritu ziren. Edozelan ere, arrosek ederto neurtu zituzten hala indarrak, nola neurketaren denborak, eta une giltzarrietan nagusitasuna azaldu zuten. Nagusitasuna ez ezik, egoera gaitzak konpontzeko ziurtasuna ere bai.

 

Piloteo gogorragaz abiatu zuten norgehiagoka. Jokoa atzean kargatuta, etengabeko errebeskadek partidua oso fisiko bihurtu zuten; gainera, tentsioak eta urduritasunak akatsak egitera eroan zituzten bi bikoteak. Urrutiak eta Basquek Erkiaga jokoz kanpo uztea eta Ibarluzeari lana pilatuaraztea bilatu zuten. Tantoak joan, tantoak etorri, markagailuak ez zuen egin argiki bietako baten alde: zortzina, bederatzina edota hamarna joan ziren. Handik aurrera, Erkiagak huts pare bat egin zuen, baina bizkor etorri zen ispastertarraren erreakzioa: errebote eder bategaz 13 eta 13koa; zorte apur bategaz, 14. tantoa; txapa ginean moztuz, azken tantoa.

Bigarren setaren hasieran, jokoak Urrutiaren eta Basqueren alde egin zuen: 6 eta 2 aurreratu ziren. Urrutia garaztarra ez zen kamustu Erkiaga moduko zesta-puntaren erraldoi baten aurrean; ausart agertu zen, eta zenbait tanto eder egin zizkion ispastertarrari. Atzealdeko koadroetan, ostera, zein baino zein gehiago aritu ziren Basque eta Ibarluzea: markina-xemeindarrak potentzia alde zuen; bidartarrak, oldarkortasuna eta horizontaltasuna. 8 eta 4koagaz harrapatu zuten atsedenaldia, eta Ipar Euskal Herrikoak 9 eta 5eraino iritsi ziren. Iraultza hasi zen arte. Bederatzina berdindu ondoren, Erkiagak eta Ibarluzeak tantoak txandakatu zituzten; azpimarragarriena 12 eta 11koa izan zen. Azken hiru tantoetan, Urrutiak eta Basquek ezer gutxi egin ahal izan zuten, bizkaitarren nagusitasunaren aurka. 2 eta 0 gailenduta, Erkiagari eta Ibarluzeari merezitako atsedenaldia egokituko zaie orain; ez, aldiz, atzoko arerioei.
 
Thomas Urrutiak eta Mikel Mantzisidorrek Ludovic Ladutxeren eta Mikel Mantzisidorren kontra zirt edo zart egin beharko dute datorren astean
Izan ere, donibanegaraztarrak eta bidartarrak kale edo bale egin beharko dute datorren astelehenean [urtarrilak 13], finalerdien ligaxkaren bigarren partiduan. Ludovic Ladutxe getariarra eta Mikel Mantzisidor mutrikuarra izango dituzte aurkari. Neurketa horrek ere gogorra eta oso fisikoa izateko osagai guztiak ditu. Hutsegite gutxien egiten dituen eta gehien asmatzen duen bikoteak egingo du aurrera. Final handirako sailkapena jokoan izango dute astelehenko galtzaileek; berriro galduz gero, aukera barik lirateke.
 
Aritz Erkiaga: “Partiduan ez naiz batere eroso aritu, eta konfiantza handirik gabe kantxaratu naiz hasieran”
Garaipen boteretsua eskuratuagatik ere, partiduaren hondarrean, Erkiaga ez zen bere jokoagaz gustura agertu, eta “hobetzeko asko” duela nabarmendu zuen: “Partiduan ez naiz batere eroso aritu, eta konfiantza handirik gabe kantxaratu naiz hasieran”. Ibarluzea, bere aldetik, taldelanaren esanguraz mintzatu zen: “Zesta-punta bikotean jokatzen den kirola denez, bi puntistok taldelana egin behar dugu; helburua, irabaztea, bete dugu azkenean, eta orain aurrera egitea dagokigu”.