'Emakumik basatzan' proiektua abiarazi du Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak
Mendiko jardueretan emakumeen presentzia bultzatzeko helburuagaz sortu dute proiektua. Lehenengo irteera urtarrilaren 12an [domeka] egingo dute.
Mendiko jardueretan emakumeen parte hartzea bultzatzeko helburuagaz, Emakumik basatzan proiektua martxan jarri du Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak. Abenduaren 26an [eguena] egin zuten proiektuaren aurkezpena, eta bertan, urteko planaren berri eman zuten mendi taldeko kideek. Hala, lehenengo irteera urtarrilaren 12an [domeka] egingo dute, 09:00etan aterako dira mendizaleak Mendi Taldeko lokaletik.
“Ikusi dugu, mendiko jarduerek gero eta garrantzi handiagoa hartu dutela ongizate fisiko eta emozionalari dagokionean. Hala ere, ohartu gara inguruko emakumeen presentzia urria dela jarduera hauetan, arrazoi desberdinak medio. Beraz, egoerari buelta emateko helburuagaz, Emakumik basatzan proiektua abiarazi dugu”, adierazi du Irati Casais Aurrera Mendi Taldeko kideak.
Espazio “inklusiboa” sortu nahi dute, adin, testuinguru eta esperientzia maila desberdinetako emakumeekin, “mendia modu seguruan esploratu, norberekiko konfiantza landu eta elkarren arteko harremanak indartzeko”. Nahiz eta adin guztietako emakumeek izango duten parte hartzeko aukera, hamabi urtetik beherakoak ibilbideetara arduradun bategaz joan beharko direla azpimarratu dute antolatzaileek.
Urte honetan burutuko da plana, eta hiru fase desberdin izango ditu; lehenengoa, urtarriletik apirilera bitartean izango da, bigarrena, maiatzetik irailera, eta hirugarrena, urritik abendura.
Urtarriletik apirilera bitartean Ondarroa inguruko mendiak eta ibilbideak ezagutzen arituko dira mendizaleak: “Ingurune ezezagunak ezagutarazteko aukera emango digu horrek; tontor, baserri edo auzo ezberdinak deskubrituz”. Hilabete bakoitzean irteera bat egingo da, zailtasun maila desberdinetako hiru ibilbidegaz, bakoitzaren gaitasunetara egokituz: “Hiru taldetan banatuko gara, eta bakoitzaren maila fisikoa edozein dela ere, esperientziagaz gozatzeko eta bakoitzak norbere erritmora joateko aukera izango du”.
Apirilean, lehenengo faseko azkenengo hilabetean, urtero legez, Boga Mendi Martxa egingo da Ondarroan, eta hilabete horretako irteera martxa herrikoia egitea izango da: “Apirilaren 27an egingo da Boga Mendi Martxa, beraz, irteera honekin emango diogu amaiera lehenengo faseari. Gure helburua, ahalik eta emakume gehienek parte hartzea izango da, emakumeen ahalduntzea sustatuz. Bakoitzak nahi duen distantzian gozatzeko aukera izango du”.
Antolatzaileek adierazi dutenez, bigarren fasea hasi aurretik, apirilera arteko irteeran balorazioa egingo dute “parte hartzaileen interesetara moldatzeko”, beraz, laugarren hilabetetik aurrerako plana “aldakorra” izan daitekeela azpimarratu dute.
Maiatzean hasiko da bigarren fasea, eta irailera arte iraungo du. Lehenengo bi hilabeteetan, maiatzean eta ekainean, aurreko faseko formatua errepikatuko dute, hau da, hilean irteera bat burutuko du taldeak. Honek, nolabaiteko “berezitasuna” izango du, izan ere, Lea-Artibai eskualdetik kanpoko mendietara egingo baitituzte irteerak: “Taldeak Euskal Herriko paisaiagaz gozatzeko aukera izango du, Mendizaletasunari balioa emanez”. Horrez gain, uztaila eta abuztuan erronka bat jarriko dute martxan: 104 mendi. Hain zuzen ere, Aurrera Kirol Elkarteak 104 urte betetzen ditu aurten, eta zenbakia aitzakitzat hartuta abiaraziko dute erronka: “Helburua, 104 mendi-tontorren argazki lortzea da, edozein menditakoa. Berdin du Pirinioetakoak, Alpeetakoak edo herrikoak izan. Bi hilabete horietan, bakoitzak aukeratuko du zein eta zenbat mendi igo”.
Jasotako argazkiekin bilduma bat sortuko dute antolatzaileek, eta Tontorramendiko Igoera Bertikalean egongo da ikusgai, eta parte hartzaileen artean zozketa bat egingo da. Gainera, Tontorramendiko Igoera Bertikalean parte hartzeko bultzada ematea izango da antolatzaileen helburua. “Lasterketa baino aste batzuk lehenago ibilbidea ikustera joango gara, eta ondoren, bakoitzak erabakiko du egunean bertan parte hartuko duen ala ez. Izan ere, urteak igaro ahala, konturatu gara, edizio guztietan emakumeen parte hartzea oso baxua dela, eta guk behintzat, aniztasunean oinarritutako lasterketa bat sortu nahi dugu”.
Hirugarren fasea urritik abendura artekoa izango da, eta urtean zehar egindako ibilbideen artean, hiru gogokoenak seinalatuko dituzte: “Urrian zehar urteko balorazio txiki bat egingo dugu, eta bertan hitz egindakoan oinarrituko gara ibilbideen aukeraketa egiteko. Talde bakoitzak ibilbide bat aukeratuko du, eta urtea bukatzeko hiru hilabete geratuko direnez, aukeratutako bideetako bat margotuko dugu hilabete bakoitzean”.
Gogotsu eta ilusioagaz. Aurrera Mendi Taldeko kideek adierazi dutenez, harrera “oso ona” izan du proiektuak: “Ez genuen espero baina abenduan egin genuen aurkezpenean aretoa jendez bete zen. Whatsappeko taldea ere egin genuen eta 170 emakume inguru sartu dira. Pozik eta ilusioz ekingo diogu erronkari”.