Urte berriak denetariko ekintzak dakartza Andraetxera
Besteak beste, aholkularitza juridikoa, irakurketa talde feminista, yoga eta batukada feminista antolatu dituzte. Aholkularitza juridikoagaz hasiko dute urtea: bihar [urtarrilak 10] 18:00etan eskainiko dute saioa, Andraetxean.
Lekeitioko Andraetxeak, herri feminista eraikitzerako bidean, hainbat ekintza antolatu ditu urte berrirako. Ekintza ugari antolatzeaz gain, “denetarikoak” dira dakarkatzaten aukerak. Ikasturte guztian luzatuko diren ekintzak nahiz egun zehatzetan egingo dituztenak antolatu dituzte.
Urteko lehenengoa, bihar [urtarrilak 10], 18:00etan, izango da: emakume migratzaileentzako aholkularitza emango du abokatu batek. Biharkoaz gain, ekainera bitarte hilero birritan eskainiko dute aholkularitza saioa emakume migratzaileentzat, hileko lehen eta azken barikuetan.
Urte guztian luzatuko da, era berean, irakuketa talde feminista ere. Ane Labakaren gidaritzapean, hilean behin irakurgai baten inguruan aritzeko elkartuko dira Andraetxean, eta kasu batzuetan, idazleagaz solasaldia ere egingo dute. Lehenengo saioa otsailaren 25ean egingo dute, eta Danele SarriugarterenĀ ErraiakĀ nobelaren inguruan ariko dira.
Bestalde, yoga saioak ere eskainiko dituzte, hilean behin; saioak doan izango dira. Lehenengo saioa urtarrilaren 25ean egingo dute, 09:00etatik 10:00etara, Andraetxean.
Batukada feminista. Gogoz daude Andraetxeko kideak batukada feministagaz hasteko ere. Euskal Herriko Batukada Sarearen eskutik Lekeitioko eskolan elkartuko dira hilean behin, 10:00etatik 13:00etara. Adierazi dutenez, dagoeneko 25 emakumek eman dute izena bertan. Edukiera bete den arren, emakume gehiagok izena eman nahi badute andraetxea@gmail.comĀ helbideRa idazteko eskatu dute: “Izan daiteke ikastaroan emakume batzuk atzera botatzea eta tokia egotea, beraz, gogoz geratu bada norbait idaztera animatzen diogu”.
Era berean, gogorarazi dute eguenero egoten direla bertan, txanda bitartez: “Andraetxea beti dago zabalik eguenetan. Norbaitek proposamen edo beharrizanen ba baldin badu, hor egoten gara”. Barikuetan ere, bertan elkartzen dira Andraetxeko hainbat emakume Wikiemakumeok proiektua aurrera eroateko asmoz; parte hartu nahi dutenek 17:00etan Andraetxera bertaratzea baino ez dute egin beharko. Gaineratu dutenez, hilean behin herriko emakume ezberdinen elkargunea ere egiten dute: “Testuinguru ezberdinetako emakumeak elkartzen gara Andraetxean, elkar saretzeko asmoz. Entzun, galdetu, ikasi… denetarako tartea edukitzen dugu”.