Udal hezkuntza kontseilua sortzeko Udalhez proiektua ipini dute martxan Lekeition
Bihar [urtarrilak 14] egingo dute proiektuaren aurkezpena, 18:30ean, Azkue aretoan. Lekeitioko Udalak bertaratzeko deia egin die herriko kultur eragile eta kirol elkarte denei.
Lekeitioko Udalak herriko ume eta nerabeen ongizatearen inguruan hausnartuko du datozen hilabeteetan, udal hezkuntza kontseilua sortzerako bidean. Horretarako, hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateagaz batera Udalhez proiektua ipini dute martxan; proiektuaren aurkezpena egingo dute bihar [urtarrilak 14], 18:30ean, kultur etxeko Azkue aretoan.
Udala proiektuagaz lanean joan den abenduan hasi zen arren, Igotz Espeja Lizarribar udaleko Hezkuntza zinegotziak ezinbestekotzat jo du herriko eragile eta elkarteekin elkarlanean aritzeko beharra: “Proiektuaren helburu nagusia herriko hezkuntza proiektu komunitarioa prestatzea da. Eta, horretarako, ezinbestekoa da orain arte hezkuntza batzordean bildu garen hekuntza arautuko eragileak geure artean koordinatzea, eta bai ikastetxeak, bai guraso elkarteak, elkarlanean aritzea. Ikastetxeetatik haratago, hezkuntza ez formalean eragin handia dute aisialdian parte hartzen dute bai kultur zein kirol elkarte guztiek”. Halaber, biharko aurkezpenera bertaratzeko deia luzatu diete herriko kultur eragile eta kirol elkarteei.
Bi urtetako proiektua da aurretik dutena. Espejak adierazi duenez, 2023an onartu zen hezkuntza legeari esker ipini ahal izan dute martxan proiektua: “Elkarlanerako bidea ematen digu 2023ko hezkuntza lege berriko 60. artikuluak: ikastetxe bat baino gehiago dute herrietan udal hezkuntza kontseiluak sortzeko aukera ematen du artikulu horrek”. Hala ere, nabarmendu duenez, proiektuaren muinean “ahaztu ezin den” beste lege bat ere badago, 2024ko haur eta nerabeen legea, hain zuzen ere; lege harek, haur eta nerabeen ongizatea, garapena eta partehartzea ditu lehentasunezko ildo bezala.
Aurrerago prozesu parte hartzailea abiatuko dute herrian.
Hori horrela, bi lege horiek kontuan hartuta bateratu den proiektua da Udalhez. Espejak azaldu duenez, proiektuagaz lanean hasteko bi lan egiteari ekingo diete: “Batetik, legeak aukera ematen du udal hezkuntza kontseiluak sortzeko, baina, oinarri juridikoen azterketa egin behar da, eta zirrikitu guztiak ikusi behar dira. Bestetik, herrian elkarlanean arituko garen elkarte eta kultur eragile guztien jarduera komunitarioa aztertzen duen txostenaren prestaketarekin arituko gara hasierako hilabeteetan”.
Bi analisi horien ostean, prozesu parte hartzailea abiatuko dute herrian, aurrez-aurreko sei saiotan egingo dutena. Prozesu horren oinarrian ere, elkarlana egongo da: “Ikastetxeak, familiak, ikasleak eta udalak elkarrekin herriko hezkuntza proiektu komunitario hori prestatuko dugu. Eta, horrek guztiak emango digu aukera Lekeitioko udal hekuntza kontseilua sortzeko”.
Sei herri. Lekeitiorekin batera beste bost herri ari dira EHUgaz elkarlanean udal hezkuntza kontseiluak sortzeko lanean. Hala, Galdakao, Durango, Laudio, Sopela eta Leioan ere garatuko dute proiektua: “Horrela, beste udalerri batzuei gure herrietan garatzen diren esperientzia hauek transferitu ahal izango dizkiegu”.