Hitano ikastaroa eskainiko du AEK-k Markina-Xemeinen
Izen-ematea urtarrilaren 24ra arte egongo da zabalik. Bestalde, herriko Berbalagun taldera batzeko deia luzatu diete herritarrei.
Markina-Xemeingo AEK-k hitano ikastaroa eskainiko du otsailetik apirilera. Azaldu dutenez, hogei orduko ikastaroa izango da, eta eguaztenetan emango dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara. Zehazki, otsailaren 5ean hasi eta apirilaren 9an amaituko dute ikastaroa, Markina-Xemeingo AEK euskaltegian (Urbitarte 11, eskuma).
Ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da markina@aek.eus helbidera idatziz; izen-abizenak eta telefono zenbakia ahalbidetu behar dira. Hala, urtarrilaren 24a izango da horretarako azken eguna; ikastaroan parte hartzeko toki mugatuak daude.
Berbalagun. Bestalde, “euskara sustatzeko eta euskaldunen komunitatea trinkotzeko apustua” egiten jarraitzen du Markina-Xemeingo AEK-k. Hala, Berbalagunen taldera batzeko deia luzatu diete herritarrei: “Gero eta gehiago dira gurekin bat egiten dutenak, eta hori herritarren laguntza eta konpromisoari esker lortzen ari gara. Astero Euskal Herriko 7.000 lagun baino gehiago batzen gara mintzapraktika taldeetan”. Parte hartzea dohainik dela gogorarazi dute, eta “hamaika abantaila” daudela, besteak beste, deskontuak, opariak eta hilero-hilero hamar sari kutxen zozketak. Izena emateko emanizena.praktikatu.eus web orrian edo euskaltegira joanda egin daiteke.