Lilatoira joateko autobusak jarriko dira Lea-Artibai eskualdetik
Ondarroatik, Markina-Xemeindik eta Lekeitiotik egongo dira autobusak otsailaren 23an [domeka]. Markina-Xemeinen eta Ondarroan lasterketan izena emateko aukera egongo da.
Azken urteetan modura, Lea-Artibai eskualdeko zenbait herritatik autobus zerbitzua egongo da otsailaren 23an [domeka] izango den Lilatoira joateko. Markina-Xemeingo eta Ondarroako Udalak Donostiara joateko autobusa eskaintzeaz gain, taldeko izen-ematea kudeatuko du nahi duenarentzat.
Markina-Xemeingo autobusean joan nahi dutenek, udaletxeko Berton bulegoan eman behar dute izena urtarrilaren 17a baino lehen. Lasterketan parte hartzeko taldeko izen-ematea egin nahi duenak ere bertan bete beharko ditu inskripzio orriak. Lasterketan apuntatzea eta dortsalaren kostua 14 eurokoa izango da, eta autobusarena 7 eurokoa. Markina-Xemeingo Udalak adierazi duenez, bakoitzak bere kabuz izena emateko aukera egongo da, baina udala soilik bertatik izena emandako pertsonen dortsalez arduratuko da.
Ondarroan, aurten ere Aringaingan taldea osatuko dute Lilatoira joateko, eta Etxelilako bulegoan egongo da izena emateko aukera urtarrilaren 23ra [eguena] arte. “Lasterketan izena eman, ordaindu eta aurrerago bulegoan bertan jaso ahalko dira dortsalak eta kamisetak”. Autobusean apuntatzeko ere bertan eman beharko da izena. Lasterketan izena ematea eta kamisetaren kostua 15 eurokoa izango da, eta autobusarena 5 eurokoa. Etxelilako ordutegiei dagokienez, martitzenetan eta barikuetan arratsaldez egoten da irekita, 16:00etatik 20:00etara, eta eguaztenetan eta eguenetan goizez eta arratsaldez: 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Lekeition ere autobus zerbitzua egongo da, eta joan nahi dutenek presentzialki izena emateko aukera izango dute eguenetan Andaetxean. Autobusaren ordutegiari dagokionez, 08:00etan irtengo da Mandaskatik, eta 18:00etan egingo du buelta Donostiatik.