Ertzaintza Lekeitioko gizon bat ikertzen ari da, bi adingaberi sexu erasoak egitea egotzita
Ukituak egitea eta eduki pornografikoa erakustea egotzi diote ikertuari; gaur [urtarrilak 16] deklaratuko du Gernikako epaitegian.
Bi adingaberi sexu erasoak egitea egotzi dio Ertzaintzak Lekeitioko gizonezko bati, atzo [urtarrilak 15] Ondarroako Ertzaintzaren komisaldegian jaso zituzten bi salaketaren harira. Salaketak jaso ostean, ikerketa bat zabaldu zuen Ertzaintzak, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Ertzaintzak adierazi duenez, delitu horren barruan bi adingabeei egindako ukituengatik eta eduki pornografikoa erakusteagatik zabaldu dute ikerketa.
Gertakariak Lekeitioko lokal batean izan zirela jakinarazi dute, Gabon inguruan. Momentuz bi salaketa jaso dituzten arren, Ertzaintzak ez du baztertzen salaketa gehiago egotea.
Ikertuak gaur [urtarrilak 16] deklaratuko du Gernikako epaitegian.
Lekeitioko Udalak gogor gaitzesi du erasoa, eta erasotuak izan direnei nahiz euren ingurukoei “elkartasuna eta babes osoa” adierazi diete. Gaineratu dute, udalaren esku dauden baliabideak ipiniko dituztela.
Era berean, Lea-Artibaiko Itaiak ere erasoa salatu du eta “erasoa jasan dutenei eta gertukoei babesa” adierazi diete: “Indarkeria matxistaren aurka indarrak batzea urgentziazkoa da, eraso oro irmotasunez erantzunez eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz”.