Matematika eta euskal dantzen inguruan arituko dira Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Judith Rivas Ulloa matematikariak gidatuko du urtarrilaren 20an [astelehena], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean egongo den hitzordua.
Matematika eta euskal dantzak uztartuko ditu Judith Rivas Ulloa matematikariak urtarrilaren 20an [astelehena] Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatutako hitzaldian. “Pentsa daiteke matematika eta dantza, bata bestetik oso urrun dauden diziplinak direla eta haien arteko loturarik topatzea ezinezkoa dela. Hitzaldi honetan hori horrela ez dela erakutsiko dugu. Bereziki, euskal dantzen eta matematikaren arteko erlazio batzuk birpasatuko ditugu”. Hitzordua 18:30ean izango da, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Dantza eta matematika lotzen dituen zubia musika dela dio Rivasek, eta edozein dantzatan aurki daitezkela matematikatik ateratako izenak: “Euskal dantzak ez dira salbuespena. Are gehiago, geometriako oinarrizko kontzeptuak erraz aurkitzen ditugu dantzetan. Alde batetik, dantzariek, dantzarako prestatzean eta haien urratsak egiten dituzten bitartean, zirkuferentziak, laukizuzenak eta beste poligono batzuk sortzen dituztela ikusiko dugu; bestetik, haien posizioen artean dauden simetriak deskribatuko ditugu biraketen, translazioen eta islapenen laguntzaz”.
Horrez gain, euskal dantza deskribatzeko “kontzeptu sakonagoak” edo “hain bistakoak ez direnak” ere erabiliko dituela adierazi du matematikariak: “Hala nola, konbinatoriako permutazioak eta konbiazioak, eta baita topologiaren barruan dagoen txirikorden teoria ere”.
Euskal Herriko Unibertsitatean Matematikan lizentziatua, doktorea eta Matematika Saileko irakaslea da Judith Rivas Ulloa gasteiztarra. Dantza munduan formakuntza espezifikorik izan ez arren, betidanik izan du gustoko, eta dantza zaletasunak bultzatuta, diziplina horren eta matematikaren arteko harremana ikertu zuen. Lotura honi buruzko hitzaldiak ematen ditu, eta 2022an Ekaia aldizkarian Matematikak eta euskal dantzak deituriko artikulua argitarau zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika Saileko kidea den Osane Oruetxebarriagaz batera.