Ondarroako portuko zerkausia aurten konpontzea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak
Izotz-fabrika eraikitzea ere aurreikusi dute, eta horretarako 3.746.566,89 euroko aurrekontu-kontratua bidali dio Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari.
Hamalau hilabeteren ostean, udazkenean bukatu ziren Ondarroako portuko babes-dikea sendotzeko blokeak jartzeko lanak. Eusko Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, dikearen kanpoko mantuan eta “zabaldutako kokotearen zati zuzenean” jarritako kuboek 9, 45 eta 60 tonako pisua dute.
Lan horiek bukatuta, aurten “portuko zerkausia” konpontzea aurreikusten dutela azaldu du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailburuak. Azaldu duenez lan horietarako aurrekontua 454.000 eurokoa da, eta portua dragatzeko aurrekontua 2.500.000 eurokoa. Horrez gain, Egidazu kaia konpondu eta berrurbanitzatzea —proiektua idazten ari dira— eta izotz-fabrika berria egitea ere aurreikusita dituzte.
Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Ondarroako portuko izotz-fabrika berria eraikitzeko 3.746.566,89 euroko aurrekontu-kontratua bidali dio Europako Batzordeko Arrantza Zuzendaritza Nagusiari, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu dezaten.