Jose Pablo Arriaga: «Amatasunaren inguruan berba egiteko modu bat izan da»
Jose Pablo Arriagak Markina-Xemeinen sortzen ditu bere eskulturak, eta azkenengo lanak bere ama oinarritzat hartuta egin ditu. Ama izena ipini dio erakusketari, eta ikusgai egongo da Bilboko Berreginen Museoan maiatzaren 4ra bitartean.
Ama bati, bere amari, omenaldia egiteko modua eskulturen bitartez aurkitu du Jose Pablo Arriagak. Hala, bere amarengandik abiatu, eta beste hamaika ama omentzeko formak, testurak eta tamainak landu ditu. Guzti horiek Ama izeneko erakusketan bildu, eta ikusgai ipini ditu Bilboko Berreginen Museoan; maiatzaren 4ra arte egongo da bertan Arriagaren lana, Euskal Herria Museoko beste hainbat obrarekin batera.
Zelan otu zitzaizun erakusketa hau egiten hasteko ideia?
Nik, normalean, ez dut jakiten zein helbururekin egiten dudan lan bat, baina, egun batean pentsatu nuen amarentzako eskultura bat edo egitea gustatuko litzaidakela, bera oinarri moduan hartuta. Hortik abiatuta lanean hasi, eta gustatu egin zitzaidan egin nuena. Gainera, ikusi nuen ez zeukala zertan izan nire amarentzat soilik, eta amatasunaren inguruan berba egiteko modu bat izan zitekeela. Orduan, oinarri moduan hartu nuen nire ama, nondik datorren eta bera niretzat zer izan den adieraziz.
Eta, nondik dator zure ama?
Bera dator Etxerre baserritik, Mutrikun dagoen baserri batetik. Berotegiaren inguruan bizi zen, loreak saltzen, eta nire ama hartu dut berotegi bat izango balitz moduan: babesa da, eta berak ahal duen guztia eman du beti. Berotegiak oinarritzat hartuta, amatasun desberdinei buruz hitz egiten dut lan honetan. Berotegi bat, niretzat, arku batzuk dira, eta tentsioa dauka plastikoa heltzeko. Nire lan guztietan, normalean, tentsioen inguruan egiten dut lan, mugimendua eta tentsioa. Beraz, lan hauetan berotegiaren eta itsasontzien estrukturarekin lan egin nahi izan dut. Jolas bat egiten dut kontatu nahi dudanaren arabera.
Erdigunean, beraz, zure ama. Eta, berarengandik hasi eta ama guztietaraino.
Bai. Ama ez biologikoak, gatazka ezberdinetan dauden amak, eta beste hamaika. Asko landu dut, esaterako, Gazan gertatzen ari dena; posizionamendua islatu nahi dut. Ama batek bizi ditzakeen egoera ezberdinak landu ditut.
Zelan egin duzu lan hori guztia eskulturen bitartez erakusteko?
Nik, normalean, eszenografia txikiak egiten ditut nire obrekin, pelikula bat izango balitz moduan. Nire obrak aktoreak dira, eta jolastu egiten dut eurekin. Gazako amei buruz hitz egiteko, esaterako, pentsatu nuen: Zer ari da gertatzen han? Zer-nolako bidegabekeriak daude? Zelan kontatu dezaket hori? Eta, esaterako, hartzen dut harri handi bat, eta nik egindako estruktura batera botatzen dut. Horrela, harria apurtu egiten da, baina, hil egin da? Ez, ez da hil, zauritu egin da, eta zauri horiek konpontzen saiatzen naiz. Konpondutakoan, dena markaz beteta dago harria, zauriekin. Eta pentsatzen dut: Amari zer gertatu zaio? Ba, ama indartu egin da, gogorragoa egin da. Horrela, pelikula guztia osatzen dut, eta amaitzen dudanean horma batean edo lurrean ipintzen dut, eta barruan zerbait sentitzen badut, obra amaituta dago.
Amen ze beste alderdi islatu dituzu?
Asko. Adibidez, badago Sekretua deitzen den beste eskultura bat. Txikitan bizi izan nuen gauza bati tiraka egin dut eskultura hori, eta ezin dut kontatu, oraindik Euskal Herrian ez garelako aske nahi duguna kontatzeko. Beraz, Sekretua izena ipini nion. Agian, nire estilotik gehien aldentzen den pieza izango da. Kaos bat moduan da. Normalean, nahikoa minimalista naiz, eta gauza gutxirekin asko kontatzen saiatzen naiz. Eta pieza horretan testura asko sartu ditut, nire izaeratik kanpo daudenak.
Halako erakusketa bat aurrera ateratzeko, lan asko egongo da atzetik.
Bai, azken batean, asko sinistu behar duzu zure buruarengan, ze, lan oso bakartia da. Ezin duzu pentsatu arrakastatsua izango den edo ez, ze, askotan, agian, ez da etortzen jende asko ikustera. Eta onartu egin behar duzu non zauden, eta ze bide ari zaren egiten. Baina, aldi berean, sinistu egin behar duzu. Azken batean, artista askok egiten dugu guk barruan dugun zerbait kanporatu; musikariek euren lanak ateratzen dituzten bezala, eskultoreok ere atera egin behar dugu, eta gero norbaitek ikusten badu, ba, asko pozten gara.
Zaila da jendearengana ailegatzea?
Erakusketak garrantzia hartzen du eskultoreak izena hartzen duenean. Imajinatu niri obra bat pertsona ezagun batek erosi didala, bada, nik obra hori erakusten badut, jendea morboarengatik etorriko litzateke ikustera. Baina, nik nire emozioak kontatzen baditut, jende oso gutxi etortzen da ikustera. Eta hori, museo askotan gertatzen da. Obrarengatik soilik jende oso gutxi joaten da ikustera.
Zein izan daiteke horri buelta emateko bidea?
Jendea irekita egon behar da. Ikusten denaz haratago galdetu: obra hori, zergatik dago hor? Zer transmititzen dit? Eta, ez badio ezer transmititzen, ez da ezer gertatzen, baina, saiakera behintzat, hor dago. Nahiz eta obra ez gustatu, edo ez ulertu, agian, zerbait transmititzen dizu, eta hori da garrantzitsuena.
Ama erakusketan zure piezez gain, zenbait poema eta beste hainbat eskultura daude, ezta?
Poemei dagokienez, Yolanda Larreategik, esaterako, olerki bat egin zidan amatasuna berarentzat zer den azalduz, eta hori ere ipini dugu erakusketan. Horrekin batera liburuxka txiki bat egin dugu, olerkien bidez obra bakoitza azalduz. Bestalde, nire lanekin batera, Berreginen Museoko eta Euskal Herriko Museoko obra batzuk ere badaude. Obra denen arteko elkarrizketa da bertan ikusten dena. Itziar Martija arte komisarioak aukeratu ditu obra horiek. Nik nire obren inguruan emandako azalpenetatik abiatu da aukeraketa egiteko; nire obren istorioak euren obrekin lotu ditu Itziarrek.