Euskara 3.000 parte hartzailetik gora izan ditu Gurot banakako lehiaketak
Banakako lehiaketako sariak banatu dituzte; lehen saria Sopelako Jackek irabazi zuen; bigarrena, Gernika-Lumoko Uzuri Garcia de Kortazarrek, eta, hirugarrena, berriz, Lekeitioko Mirene Kaltzakortak.
Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta gazteei euren aisialdirako jolas edo tresna egoki bat eskaintzeko helburuagaz sortu zen Gurot, euskal tribial birtuala. Aplikazio baten bitartez, galdera batzuk erantzunez sariak irabazteko aukera ematen die Gurotek gazteei, eta atzo [urtarrilak 21] banakako lehiaketako sariak banatu zituzten, Bizkaiko Foru Aldundiko prentsa aretoan. 2024an zehar 3.000o gazte bizkaitar aritu ziren Gurot aplikazioarekin jolasten.
Lehiaketako lehen hiru postuetan sailkatutakoek jaso zuten saria. Lehen saria —Port Aventura eta Ferrari Landera bidaia bat, hiru lagunentzat— Sopelako Jackek irabazi zuen; bigarrena —Toledora eta Puy Du Fou parkera joateko bidaia—, Gernika-Lumoko Uzuri Garcia de Kortazarrek, eta, hirugarrena —EAE-ko nekazal-turismo batean egonaldia—, Lekeitioko Mirene Kaltzakortak. Sari-banaketako ekitaldian izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria Isaac Amezaga, Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko zinegotzia, Lekeitioko Udaleko Ander Goikoetxea, eta Uribe Kosta Mankomunitateko Iñaki Azua.
Sarituek Zierbenak, Zornotzak, Erandiok, Etxebarrik, Galdakaok, Gernika-Lumok, Getxok, Lekeitiok, Mungiak, Sestaok, Enkarterrik, Durangaldeak eta Txorierriko eta Uribe Kostako mankomunitateak Alkarbideren lankidetzarekin sortutako banakako lehiaketa jokatu zuten irailetik abendura bitartean. Fase horretan, Gurotek biltzen dituen gai ezberdinen inguruko galderak —Euskal Herrikoak zein mundu zabalekoak— banaka erantzun behar izan zituzten. Antolatzaileek zehaztu dutenez, galderak “gazteentzat egokituta” daude, eta “aldian-aldian berritzen dira”. Izan ere, gaur egun 3.000 galderatik gora eskaintzen ditu aplikazioak, eta apurka-apurka gazteentzat “erakargarri eta interesekoak” izango diren galdera gehiago sortzea aurreikusten dutela iragarri dute.
Taldekakorako izen-ematea.
Banakako lehiaketaren sari banaketaren ostean, taldekako lehiaketa abiaraziko dute. Dagoeneko zehaztuta dute lehiaketari hasiera emateko eguna: otsailaren 20a [eguena]. Parte hartu nahi dutenek, dagoeneko zabalik dute izen-ematea, eta horretarako, hiru laguneko taldeak osatu beharko dituzte. Behin hori eginda, “ahalik eta galdera gehien” erantzun beharko dituzte.
Sariei dagokienez udal edo mankomunitate bakoitzeko bi talde onenek ZEID jaialdirako sarrerak irabaziko dituztela jakinarazi dute. Horrez gain, lehenengo sailkatuak aurrez aurreko final handian parte hartzeko aukera izango du. Final handi hori apirilaren 14an [astelehena] jokatuko da, San Mamesen.