Emaitza onak lortu dituzte Lea-Artibaiko atletek Bizkaiko Txapelketan
Donostiako Anoeta Belodromoan lehiatu dute txapelketa, Gipuzkoakoagaz batera.
Zapatuan [urtarrilak 18] Gipuzkoako eta Bizkaiko Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu zen Donostiako Anoeta belodromoan, eta tartean egon ziren eskualdeko zenbait kirolari ere. Parte hartuta soilik ez, emaitza onak lortuta itzuli dira etxera.
Durango Kirol Taldeko Orkatz Beitia entrenatzaile ondarrutarraren kirolariek “emaitza bikainak” lortu dituzte pista estaliko Bizkaiko Txapelketan. Unax Solabarrieta ondarrutarrak, esaterako, garaipena lortu du 400 metroko (00:49.96) eta 200 metroko (00:22.50) lehiaketatan. Haren atzetik geratu da Mikel Dolaraga ispastertarra 400 metroko lehian (00:50.60).
Lehen postua lortu du Ainara Mugartegi markina-xemeindarrak ere, 800 metroko lasterketan (02:16.52) eta bigarrena, ostera, 400 metrokoan (00:58.47).
Bigarren postuak ere lortu dituzte eskualdeko atletek. Xabar Oar-Arteta aulestiarrak, esaterako, luzera jauzian lortu zuen bigarren postua, 6,82 metroko marka eginda; lesio luze baten ostean itzuli da lehiara Oar-Arteta. Damian Ares berriatuarrak ere bigarren postua lortu zuen jauzi irukoitzean (13,51 metro), eta hirugarrena, luzera jauzian (6,58 metro).
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko kideek ere, emaitza ederrak lortu zituzten. Olaia Zatikak bigarren postua lortu zuen luzera jauzian, 5,42 metroko marka eginda. Paul Lauzirikak ere bigarren postua lortu zuen altuera jauzian, 1,83 metroko marka eginda. Eritz Murelaga, ostera, hirugarren postuagaz itzuli zen etxera, pisu jaurtiketan 7,25 metroko markagaz.
Durango Kirol Taldeko eta Txismita Atletismo Taldeko kideez gain, beste hainbatek ere parte hartu dute txapelketan. Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak, esaterako, 4 kiloko pisu jaurtiketan 11,48 metroko marka lortuta, garaipena lortu zuen; Larrinaga Gasteizko Barrutia taldekoa da aurten. Talde bereko Ines Lauzirika lekeitiarrak ostera, hirugarren postua lortu zuen jauzi hirukoitzean, 11,77 metroko marka eginda.