Mutrikuko pentsiodunek sinadura bilketari ekingo diote
Urtarrilaren 25ean [zapatua] hasiko dira sinadurak biltzen, eta apirilaren 13ra [domeka] arte egongo dira, Goiko Plazan edo Beheko Plazan.

Ondarroan bezala, Mutrikuko pentsiodunek ere sinadura bilketa abiaraziko dute asteburuan [urtarrilak 25 eta 26], Herri Ekimen Legegilea babesteko helburuarekin. “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sinadura bilketarekin hasiko gara, Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea aurkeztu eta pentsioen osagarrirako diru laguntzak onartzeko”, adierazi dute pentsiodunak.
Pentsiodunek azaldu duten bezala, EAEn pentsiodunen hirutatik bat ez da gutxieneko soldatara iristen; horietatik %70 emakumeak dira eta gehienek 850 euro baino gutxiago jasotzen dute hilero. “Egoera latz honen aurrean, gure nahia Eusko Jaurlaritzak urteroko aurrekontuetan dagokion diru osagarri hori jartzea da, guztiok gutxieneko soldata jaso dezagun. Izan ere, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata estatuan 14 pagako 1.134 eurokoa da, eta hori da gaurko gure helmuga”.
Horrenbestez, zapatuan hasi [urtarrilak 25] eta apirilaren 13ra [domeka] arte egongo dira sinadurak biltzen, Goiko Plazan edo Beheko Plazan. “Sinatzeko eskubidea izateko 18 urtetik gorakoa izan eta EAEn erroldatuta egon behar da. Honenbestez, eskubidea duzuen guztioi dei berezia egiten dizuegu mahaira hurbildu eta bakoitzak bere sinadura eman dezan”.