Bekobentaren 50. urteurrenean ere, hazia ereiten jarraituko dute
Zuhaitz baten landaketagaz hasiko dute urte berria. Pala, ping pong, esku pilota eta xake txapelketak ere egingo dituzte, eta izen ematea zabalik dago urtarrilaren 31ra arte.
Bekobenta eskolako kideek ez dute aspertzeko astirik izango ikasturtea amaitu bitartean. Eskolaren 50. urteurreneko ospakizunetan bete-betean murgilduko dira, gustu guztiak asetzeko ekimenetan parte hartuz. Horietako hainbat ekintzen berri aurrerago emango duten arren, beste hainbat jada aurreratu dituzte; ikasturte amaieran egingo duten jairako hazia ereingo dute datozen bi hilabeteetan.
Izan ere, 50 urte loran da urteurrena ospatzeko erabiltzen ari diren leloa. Eta, gaur ereiten ari diren haziek lore emankorrak eman ditzaten, zuhaitz bat landatuko dute eskolako eremuan: “Otsailean, oraindik data zehatza erabaki barik dagoen arren, eskola eremuan zuhaitz bat landatuko dugu. Irakasle ohien eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasle banaren artean landatuko dute zuhaitza. Besteok, bitartean, bertso bat abestuko dugu”. Gaineratu dutenez, ekitaldiagaz amaitzeko plaka bat ipiniko dute zuhaitzaren ondoan.
Urteurreneko ospakizunek erantzun ona edukitzen ari direnaren seinale da kamiseta, jertse, poltsa eta abarrak berriro ere salgai ipini behar izana. Hori horrela, otsailean eskaera egiteko aukera egongo da: astean zehar Bekobentan, eta barikuetan, Artibai kalean dagoen merkatarien lokalean (lehen Correos zena).
Bekobenta eskolako ereserkia moldatu eta grabatu dute ikasle, irakasle, guraso nahiz langileek.
Txapelketa ugari. Txapelketak ere ez dira faltako ikasturtean zehar. Finalak 50. urteurreneko jaialdian jokatuko dituzten arren, lau txapelketa abiatuko dituzte datozen hilabeteetan: pala txapelketa, ping pong txapelketa, xake txapelketa eta esku pilota txapelketa. Lau txapelketetarako izen ematea zabalik egongo da urtarrilaren 31ra arte, Bekobentako HLHIko idazkaritzan edo zabalduko duten formularioa betez.
Pala eta xake txapelketetan, esaterako, ikasleez gain, ikasle ohi eta langileek ere parte hartu dezakete. Pala txapelketari dagokionez, maila bakarrean lehiatuko dute denek, DBHko ikasleetatik hasi eta langileetaraino; bikotekako txapelketa izango da. Xakean, ostera, bi mailatan jokatuko dute txapelketa: LHko ikasleak alde batetik, eta DBHko ikasleak, ikasle ohiak eta langileak, bestetik. Batean zein bestean, saria kirol horretan ibiltzeko materiala izango da.
Ping pong eta esku pilota txapelketetan, ostera, lau mailatan banatuta jokatuko dute txapelketa: LH 3-4, LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4. Ping pong txapelketari dagokionez, formatua jokalari kopuruaren arabera erabakiko dute; esku pilota txapelketan, ostera, binaka jokatuko dute. Saria, batean zein bestean, kirol horretan ibiltzeko materiala izango da.
Ereserki berritua. Musikari ere tartea egingo diote urteurrenean, eta aurreratu dutenez, martxoan lipdub bat grabatuko dute. Bestalde, Euken Bidegainek egindako eskolako ereserkia ere, berrituta aurkeztuko dute: “Euken Bidegainek egindako eskolako ereserkia Pablo Fernandez Arrietak moldatu du, eta eskolako ikasle, irakasle, guraso eta langileek, gaur egungoek nahiz lehengoek, moldaketa berriaren grabaketan parte hartu dute”. Ereserkia eta beste hainbat ekintza datozen hilabeteetan aurkeztuko dituzte.