'Her' filmaren emanaldia "oso arrakastatsua" izan da
Lekeitio Lagunkoiak antolatutako emanaldian 50 ikusletik gora elkartu dira.
Lekeitio Lagunkoi taldeak pozik adierazi du lehenengoz antolatu duten pelikula emanaldia “oso arrakastatsua” izan dela. Atzo [urtarrilak 22] ipini zuten hitzordua Her filma ikusteko: “Ikusle aldetik, 50eko langa gainditu dugu. Pelikula amaitu ondoren partaideek bakardadearen inguruko euren ikuspegi eta iradokizunak partekatu dituzte”. Ikusleen artean, lekeitiarrak ez ezik, Munitibarko eta Ispasterko ikusleak ere egon ziren.
Filmaren aurretik Lagunkoi taldearen inguruko zehaztapenak eman zituzten: “Lagunkoi taldea zer den, noiz dugun hurrengoko batzarra, otsaileko zartzuela data jakinarazi eta taldean sartzeko gonbidapena luzattu diegu ikusleei”. Era berean, filmaren ostean eskualdean egiteko zer ekintza gustatuko litzaiekeen ere galdetu zuten: “Galderari erantzunez, aire libreko zine ibiltaria martxan ipintzea proposatu da herri guztietatik pasatuz. Bestalde, egiten ari garen zartzuela emanaldia, auzolanak, eta egin berri dugun zine proiekzioa mantentzeko proposatu dute”.