Jon Zabala Arando: "Korrikak euskalduntasuna eraberritzen du"
Jon Zabala Arando ikerlari amorotarrak ‘Bilkura kolektiboak bizitzaren erdigunean’ tesia ondu du, bost urte baino gehiagoko ikerketa eginda. Korrikari erreparatuz, Durkheimen eferbeszentzia kolektiboaren teoria frogatu du.

“Ezin da gizarterik egon, bere batasuna eta nortasuna eragiten dituzten sentimendu kolektiboak eta ideia kolektiboak tarteka defendatu eta berresteko beharra sentitzen ez duena”. Emile Durkheim soziologoaren hitz horiekin hasi du Jon Zabala Arando ikerlari amorotarrak bere tesia. Izan ere, horixe izan da tesiagaz frogatu duena: gizarteak bere garapen indibidual optimo baterako beharrezkoak dituela kidetasun sentimenduak. Horretarako, besteak beste, Korrikak euskaldunengan duen eragina aztertu du.
Zerk bultzatu zintuen tesia egitera?
Txikitatik amestu izan dut zientzialaria izatearekin edo ikerlaria izatearekin. Beti miretsi izan ditut pertsona jakitunak eta akademikoak, eta ikerketa mundua beti interesatu izan zait. Unibertsitateko karrera amaitu nuenean lanean hasi nintzen nerabeekin esku hartzeak egiten; izan ere, errealitatea zer den ezagutu nahi nuen. Jakintzarekiko neukan grinak hor jarraitzen zuen, eta momentu batean, tesi bat egiten saiatzea erabaki nuen. Hala, EHUko ikerketa talde kontsolidatu batean sartu nintzen, Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldean.
Eta zelan aukeratu zenuen tesia egiteko gaia?
Ikerketa talde horretan bazegoen ikerketa lerro bat ireki berria. Ikerketa horren helburua zen Emile Durkheim soziologo aitzindariaren eferbeszentzia kolektiboaren teoria baieztatzea, eta niri gaia interesatu zitzaidan.
“Komunitate osasuntsuak eta parte hartzaileak osatzeko garaian beharrezkoak dira bilkura kolektiboak”
Oinarrian, beraz, Emile Durkheim egon da.
Bai, izan ere, helburua hark duela mende bat proposatu zituen zenbait premisa frogan jartzea izan da. Premisa horietako bat da gizabanakoek, euren garapen indibidual optimo baterako kidetasun sentimenduak behar dituztela. Hau da, parte den gizartearekiko patu berbera partekatzen duenaren sentsazioa sentitu behar du gizabanakoak, nolabait, eta talde horrekiko partaide sentitzea. Baina kidetasun sentimendu horiek eraberritu egin behar dira, tarteka pertsonak edo talde sozialak elkartu egin behar dira identitate sozial edo kidetasun sentimendu horiek eraberritzeko. Horretarako, beharrezkoa da erritu kolektiboak ospatzea, bestela, kidetasun sentimendu horiek desagertuz doaz denboraren poderioz.
Korrika aztertu duzu horren adibide bezala. Zer da Korrika euskal gizartearentzat?
Korrika da euskalduntasuna eraberritzen duen bilkura kolektibo garrantzitsuena, edo garrantzitsuenen artean dagoena. Euskaldunen arteko batasuna eta kidetasuna eraberritzen duen bilkura kolektibo ezinbestekoa.
Zer izan da Korrikaren inguruan zehazki aztertu duzuna?
Ikusteko benetan Korrikak erritu kolektibo bezala eragina daukan edo ez, hainbat datu jaso behar izan ditugu: alde batetik, Korrikan parte hartu aurreko datuak; gero, Korrikan parte hartu eta berehalakoak, eta azkenik, Korrikan parte hartu eta zazpi astetarakoak. Ongizate pertsonala, ongizate soziala eta ahalduntze kolektiboa izan dira aztertutako aldagaiak. Azken hori oso garrantzitsua da euskaldunon kasuan: gure inguruko gizartea aldatzeko edo gizartean eragiteko dugun gaitasun sentsazioa aztertu genuen. Ikusi dugu aldagai guzti horien puntuazio mailak areagotu egiten direla Korrikan parte hartu ondoren, eta gero bere mailara itzultzen hasten dira. Areagotze horiek, eferbeszentzia kolektiboak edo batasun emozionalak azaltzen ditu.
“Egin ditugun ikerketa guztiek adierazten dute bilkura kolektiboak, handiak zein eguneroko txikiak izan, ez direla fenomeno anekdotiko hutsalak”
Zer da eferbeszentzia kolektiboa?
Funtsean, eferbeszentzia kolektiboa batasun emozionala da. Hau da, sentitzea erritu kolektibo horietan dauden partaide guztien artean, emozio edo egoera emozional berbera partekatzen dutela gizabanakoek. Orduan, alde batetik, erritu kolektibo horiek ospatzeak Durkheim soziologoak zioen bezalako eragin psikologiko positiboak ote zituen jakin nahi genuen, eta ea hauek batasun emozional horien bitartez azaltzen ziren. Horretarako zenbait ikerketa burutu genituen, eta Korrikakoa izan zen esanguratsuena.
Durkheimek zioena baieztatu egin duzue?
Korrikako ikerketa horretan aztertutako aldagaiei esker ikusi genuen ongizate pertsonala, ongizate soziala eta baita ahalduntze kolektiboa ere areagotu egiten direla Korrikan parte hartu ostean. Gero, zazpi astetara, ongizate pertsonal, sozial eta ahalduntze kolektiboaren mailak itzuli egiten dira parte hartu aurretiko maila berberera. Igoera hori batasun emozionalak edo eferbeszentzia kolektiboak azaltzen du.
Komunitate batean beharrezkoak dira aipatzen dituzun bilkura kolektibo horiek?
Uste dut komunitate osasuntsuak eta parte hartzaileak osatzeko garaian, beharrezkoak direla bilkura kolektiboak edo parte hartze kolektiboa bera. Kidetasun sentimenduek ez dute nolanahiko eragina osasun fisikoan. Ikerketek adierazten dutenez, bakardade sentimenduek hilkortasuna %30 handitzen dute. Aldiz, lotura sozialek edo kidetasun sentimenduek %50 handitu dezakete bizi itxaropena. Kidetasun sentimenduak harreman zuzena du ongizate psikologikoarekin, eta modu negatiboan erlazionatzen dira depresioa eta antsietatea bezalako gaixotasun mentalekin. Beraz, noski, kidetasun sentimendu hauek eraberritu behar diren heinean, bada, bai, bilkura kolektiboak garrantzitsuak eta beharrezkoak dira komunitate batean.
Zein izan da, behin tesia amaituta, atera duzuen azken ondorioa?
Egin ditugun ikerketa guztiek adierazten dute bilkura kolektiboak, handiak zein eguneroko txikiak izan, ez direla fenomeno anekdotiko hutsalak. Bilkura kolektiboak gizarteen eta pertsonen bizitzaren erdigunean aurkitzen dira, eta talde sozialen biziraupenerako ezinbestekoak diren eta pertsonen osasunean nabarmen eragiten duten fenomenoak dira. Gizarteetan, bereziki mendebaldekoetan, isolamendua, bakardadea eta indibidualismoa areagotzen doazen garai hauetan, ikerketa hauen emaitzek are garrantzi handiagoa hartzen dute, eta osasun arloak giza harremanei arreta gehiago eskaintzearen beharrizana azpimarratzen dute.