Ondarroako Wikiemakumeok taldeak ikastaroak eskainiko ditu
Ikastaroak urtarriletik maiatzera bitartean izango dira, hilabeteko azkenengo eguaztenetan, 10:00etatik 12:00etara, Etxelilan.

Euskarazko Wikipedian emakumeen biografiak sortzea da Wikiemakumeok proiektuaren helburua. Euskal Herriko txoko desberdinetan taldeak sortuta daude jada, eta Ondarroan ere, Artea, Dima eta Durango bezalako ereduen esperientziatik abiatuta sortu zuten taldea ekaina inguruan. Lehenengo ikastaroak urrian egin zituzten, eta orain, ikastaro gehiago eskaintzeko asmoagaz dator taldea.
«Urtarriletik maiatzera bitartean hilabeteko azkenengo eguaztenean izango dira ikastaroak, 10:00etatik 12:00etara, Etxelilan. Marisa Barrena eta Maripa Garaizabal Durangoko wikilariak arduratuko dira ikastaroak emateaz», adierazi dute taldeko kideek. Ikastaroan izena emateko bi aukera daude; Etxelilan modu presentzialean, edo telefono bidez, hurrengo zenbakietara deituta: 94 613 40 08 edo 664 54 73 67.
Herriko emakume zein eragileen euskarazko sarrerak osatzen dabil Ondarroako Wikiemakumeak taldea, «emakumeek egindako lana ikusarazi, euskaraz ekoitzi eta euskarazko Wikipedia zabaltzeko». Emakumeen biografia berriak sortzeaz gain, Wikipedian beste hizkuntza batzuetan dauden emakumeen biografiak euskarara ekartzea ere bada taldearen beste helburuetako bat, baita emakumezko editore euskaldunen kopurua handitzea ere. Horrez gain, Euskal Wikipedian genero-ikuspegia txertatzea beharrezkoa ikusten dute, historian zehar izandako emakumeen ekarpenak eta ezagutzak Euskal Wikipedian bilduz.
Ondarroako Wikiemakumeak taldearen Wikipediako orrian ikusi daitekeen bezala, askotariko lanak egin dituzte jada; izan ere, 2024an sortutako bost sarrera berri egin dituzte: Ondarroako Etxelila, Andrabanda, Garazi Etxaburu Aulestia, Naroa Garcia Ibaibarriaga eta Elena Fernandez Iturrioz. 2025ean ere lanean jarraitu dute, eta Mariziztrin Talde Feministaren eta Nahia Iparragirre Burgoa ondarrutarraren sarrerak gehitu dituzte. Sarrera horiek berriak izan arren, 2024.urtean 21 sarrera hobetu zituzten, eta beste zortzi dituzte hobetzekoen zerrendan.
Momentu honetan, Nahia Gartzia Bengoetxearen eta Ondarroako emakumeen atxilotze eta espetxeratzeen inguruko sarrerak osatzen dabiltza, eta gaur gaurkoz, egiteko dauzkaten zerrendan beste 28 izen daude. Itzulpenak ere egin dituzte Ondarroako wikilariek; 2024an Maria Dolores Etxano Varelaren sarrera euskarara itzuli zuten, eta 2025ean, Monica Gagliano eta Annemie Maesen biografiak itzuli dituzte. Bestalde, egiteko daukaten itzulpenen artean Maite Albiz Dokumentazio Zentroaren sarrera dago.
Bertaratzeko deia. Ondarroakoek Wikiemakumeok proiektura hurbiltzeko deia egin diete interesa dutenei: «Urtarrilaren 29an, otsailaren 26an, martxoaren 26an, apirilaren 30ean eta maiatzaren 28an izango dira ikastaroak, 10:00etatik 12:00etara. Taldea ere egun horretan batzen da, eta ateak zabalik ditugu nahi duenarentzat».