Udalaren eta herritarren arteko harremana sendotzeko, pauso bat gehiago
Lekeitio 700 egitasmoaren baitan, demokraziaren gaian sakonduko dute zapatuan [urtarrilak 25] lekeitiarrek, 'Plazatik udaletxera, udaletxetik plazara' jardunaldian.
Lekeitiarrak euren herriaren 700. urteurrena ospatzen dabiltza, bete-betean. Urtarrileko azken ekintzak, hain zuzen ere, zapatuan [urtarrilak 25] egingo dituzte. Alde batetik, Las inquietudes de Shanti Andia filma proiektatuko dute 19:30ean Ikusgarri Zinema Aretoan. Bestetik, herritarren eta udalaren arteko lankidetzazko gobernantzaren inguruko jardunaldia egingo dute, 09:00etatik 13:00etara, Sociedad Recreativan.
Plazatik udaletxera, udaletxetik plazara jardunaldia ospatuko dute goiz guztian zehar. Lekeitioko Udaleko ordezkariek jardunaldira bertaratzeko deia egin diete herritarrei, bien aldeen arteko harremanak sendotzeko asmoz: “Jardunaldian demokraziaren gaian sakonduko dugu. Lekeitioko herritar eta udalaren arteko harremanen hausnarketa egingo dugu, eta etorkizunera begira esploratu daitezkeen bide berriak irudikatzen hasiko gara”.
Herritarren eta kudeaketa agintarien arteko arrakalagaz arduratuta, bi aldeak elkartzeko eta udaletxeko ateak herritarrei zelan “zabaldu” hausnartuko dute jardunaldian. Horretarako, bi ataletan banatuko dute goizeko jarduna. Alde batetik, Arantzazulab ikerketa elkarguneko Demokraziaren pertzepzioak gurean ikerketa aurkeztuko dute, eta EAE mailako ikerketa horiek Lekeition nola interpretatzen diren ulertzen saiatuko dira; horretarako, ikerketaren ondorioei buruzko hausnarketa partekatua egingo dute.
Hala, Lekeitioko egoerari buruzko gogoera egingo dute partaideekin, “herrian demokraziaren erronkak eta aukerak nola bizi diren” jasotzeko. Gogoeta egin ostean, udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoek hartuko dute hitza: “Bi alderdi politikoei eskatuko diegu beraien programetan demokrazia indartzeko gaia zelan islatu duten azaltzea eta zein proposamen lantzeko aukera ikusten duten aipatzea”. EH Bilduko Iratxe Arriola eta EAJko Lorea Bilbao izango dira hizlariak.
Bigarren atalean, helburua udalaren eta herritarren arteko harremana sendotzea izanik, horretarako bideak esploratzen hasiko dira, “herrian identifikatzen diren erronkak oinarri hartuta, horiei erantzuteko bideak zeintzuk izan daitezkeen irudikatzen hastea”. Solasaldia abiatzeko, Arantzazulabek tokiko zein nazioarteko esperientziak aurkeztuko ditu, demokrazia indartu eta herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko aurrera eroandako adibideekin.
Gai “zabala”. Udal ordezkariek demokraziekin lotutako erronken gaia “oso zabala” dela azpimarratu dute. Halaber, goiz batean lantzea “zaila” izango denez, partaideen aldetik interesa egonez gero gaian sakontzeko “bide berriak” landuko dituztela adierazi dute. Hala ere, lanean hastea beharrezkotzat jo dute: “Gaia mahai gainean ipini eta horrekin lotutako abiapuntuko gogoeta batzuk plazaratu nahiko genituzke”.