Beteranoak izan dira nagusi XIX. Trinkete Txapelketako lehenengo jardunaldian
Bi partida jokatu dituzte asteburuan pilotariek, eta biak ere, gazteak beteranoen aurkakoak izan dira.
Atzo [urtarrilak 26] goizean ekin zieten lekeitiarrek Beteranoen Trinketeko eskuzko binakako XIX. txapelketari. Guztira bi partida jokatu ziren: Mendez eta Ibon aritu ziren Landerren eta Fosterren aurka, eta Izeitxo eta Martxel anaiak ostera, Roberren eta Egañaren aurka.
Lehenengo partidari dagokionez, 2023ko txapeldunek, Lander eta Foster lekeitiarrek, ez zuten zalantzarako tarterik utzi: 30-10 irabazi zuten. Lehenengo sakea gazte lekeitiarrei egokitu zitzaien, eta Mendezek errestoa aprobetxatuz partidako lehen tantoa egitea lortu zuen, atzean sarera arrimatuz. Hurrengo tantoetan, ostera, beteranoek aurrera egin zuten: “16 urteko Ibon gaztea ez da eroso ibili, eta presioa nabaritu du. Beteranoek laster ipini dute markagailua 8-4 euren alde”. Gazteek ez zuten etsi: “Mendez abantaila murrizten saiatu zen, eta 9-6 hurbildu ziren”. Beteranoek, hala ere, nagusitasuna erakutsi zuten kantxan: “Foster atzean ziur eta pilotak ondo bideratzen ibili zen, eta Lander aurrean jaun eta jabe izan zen, markagailuan 29-7 ipini arte. Gainera, sakez 10 tanto lortu zituen”.
Jarraian, berriro ere gazteen eta beteranoen aurkako partida ikusteko aukera egon zen: “Gazteetan Izeitxo eta Martxel anai lekeitiarrak, 16 eta 21 urtetakoak, eta beteranoetan Rober, 46 urteko bergararra, eta Egaña, 52 urteko mendaroarra, izan genituen”. Partida “polita” eta “askotan, orekatua” izan zen arren, beteranoak ohituago daudenez trinketean jokatzera 30-24 irabazi zuten.
Beteranoak bereahala 6 eta 1 ipini ziren arren, gazteak ez ziren atzean geratu, eta 7-6 ipini ziren. Robert “bikain” ibili zen hainbat tantotan: “Hortik aurrera, 14. tantoan, Robertek txaflana erabilik tanto bikaina egin du, 14-10 ipiniz. Tantoak batera eta bestera ibili dira, eta 23-22ra heldu dira”. Momentu gako horretan, Robertek sakeagaz asmatu egin zuen, hiru tanto jarraian eginez. Anaia gazteak “oso ondo” ibili ziren arren, ezin izan zituzten beteranoak garaitu; hala ere, aurkariei “lan asko” emateko prest daude hurrengorako.