Gipuzkoako Batel ligako hirugarren jardunaldian, berriro ere Mutriku garaile
Zarautzen lehiatu zuten hirugarren jardunaldia zapatuan [urtarrilak 25], eta hurrengoa Trintxerpen izango da, otsailaren 2an [domeka].
Zapatuan [urtarrilak 25] jokatu zen Zarautzen Gipuzkoako Batel Ligako hirugarren jardunaldia. Nahiz eta estropadak hasi zituzten, eguraldi aldaketagatik hiru estropada jokatu ostean, bertan behera gelditu ziren hurrengoak. Hurrengo jardunaldia domekan [otsailak 2] jokatuko dute, Trintxerpen.
Horrenbestez, soilik lehen hiru kategoriako arraunlariak atera ziren lehiatzera; haur mailako neskak, haur mailako mutilak eta promesa neskak. Haur mailako nesketan lehenengo postua lortu zuen berriro ere Mutriku A taldeak, 5 minutu 7 segundo eta 33 ehuneneko markagaz; guztira, 14 puntu eskuratuz. Mutriku B taldea laugarren gelditu zen sailkapenean, 11 puntugaz, 5 minutu 28 segundo eta 98 ehuneneko denboragaz. Honen atzetik, bosgarren postua eskuratu zuen Mutriku D taldeak, eta seigarrena Mutriku C taldeak. Lehenengoak 10 puntu lortu zituen, 5 minutu 39 segundo eta 19 ehuneneko denboragaz, eta bigarrena, 9 puntugaz bueltatu zen etxera, 5 minutu 45 segundo eta 65 ehuneneko markagaz. Sailkapen orokorrari dagokionez, lehenengo postuan doa Mutriku A taldea, hiru jardunaldietan denbora onena eginda; guztira, 42 puntu ditu. Mutriku B, C eta D elkarren atzetik doaz, laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan; 35, 26 eta 23 puntugaz.
Nesken promesa kategorian hamargarren postuan gelditu zen Mutriku A eta hamalaugarrenean Mutriku B. Lehenengo taldeak 9 puntu eskuratu zituen 8 minutu 27 segundo eta 48 ehuneneko denboragaz, eta bigarrenak, bost puntu, 8 minutu, 57 segundo eta 74 ehuneneko markagaz. Sailkapen orokorrean hamar eta hamaikagarren postuetan doaz bi taldeak, A taldea hamargarren postuan, 26 puntugaz, eta B taldea hamaikagarren postuan 21 puntugaz.