Martxan dago Lekeitioko Aratusteetarako kartel lehiaketa
Otsailaren 10ean amaituko da kartelak aurkezteko epea, 21:00etan.
Lekeitioko Udalak aurtengo Aratusteetako irudia izateko kartel lehiaketa ipini du martxan. Egitarauaren azalean agertuko dela adierazi dute; 200 euroko saria dago kartelik onenaren zain. Hala, otsailaren 10ean, 21:00etan amaituko da lanak aurkezteko epea.
Lekeitioko Aratusteei lotutako berezitasunen bat agertzea ezinbestekoa izango da. Era berean, “Aratusteak 2025”, “Lekeitio” eta “Otsailaren 27tik martxoaren 4ra” testuek ezinbestean agertu beharko dute karteletan. Gaineratu dutenez, aurten Lekeitioko hiribilduak 700 urte beteko dituela kontuan hartuta, kartelean gai horren inguruko ezaugarriak agertzeak iradokitu dute.
Teknikari dagokionez, edozein teknika erabili daitekeela adierazi dute udal ordezkariek. Kartelak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, PDF edo JPG formatuan; A3 tamaina bertikala, eta gutxienez 225ppp-ko bereizmena eduki beharko dute.
Egile bakoitzak nahi beste kartel aurkeztu ditzake, baina karteletako bakoitzak lelo edo esaera propioa izan beharko dute. Kartela kulturetxea@lekeitio.eus helbidera bidali beharko da; irabazlea otsailaren 14an jakinaraziko dute. Informazio gehiago eta oinarri guztiak lekeitio.eus web orrian ipini dituzte eskuragarri.