Zarauzko Ikastolaren alde elkarretaratzea egin zuten barikuan Ondarroako eta Lekeitioko Ikastolek
Barikuan [urtarrilak 24] egin zituzten elkarretaratzeak Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak eta Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak, 16:30ean, bakoitza bere ikastolaren aurrean.
Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak pasa den astean jakinarazi zuen Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri ziola. Eusko Jaurlaritzak ezezkoa eman zien 2023an Zarauzko ikastolan matrikulatu nahi zuten zortzi familiari, baina ikastolak denei “ateak zabaltzea” erabaki, eta isuna jaso zuten. Honen aurrean, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak eta Lekeitioko Azkue Natura Ikastolak Salbatore Mitxelena Ikastolari elkartasuna erakusteko helburuagaz, elkarretaratzea egin zuten barikuan [urtarrilak 24], 16:30ean, bakoitzak bere ikastolaren aurrean.
Hezkuntza Sailak jarritako isuna “bidegabea” dela adierazi zuten, eta Zarauzko Ikastola zigortzeagaz batera ikastolen mugimendu osoa zigortu dutela. Lea- Artibaiko bi ikastolek adierazitako elkartasunaz gain, Salbatore Mitxelena Ikastolari diru ekarpen boluntarioaz laguntzeko eskaera egin dute, ES73 2095 5212 1091 2486 7983 kontu korrontearen bitartez.