Arriagak eta Etxaburuk 'Sua' performancea aurkeztuko dute Bilbon
Eguaztenean [urtarrilak 29] egingo dute aurkezpena, Bilboko Rekalde Aretoaren berrirekieran, 18:00etan. Sarrera librea izango da.
Egitarau zabala antolatu dute Bilboko Rekalde Aretoaren berrirekiera ospatzeko. Atzo [urtarrilak 27] egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan zen Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere. Gaur [urtarrilak 28] ere, ez da aspertzeko astirik egongo; besteak beste, EITB Mediak ekoitzitako Lanean Rekalde en obras lanaren proiekzioa emango dute.
Denetariko ekintzak antolatu dituzte berrirekierarako, eta biharko [urtarrilak 29] eguna izango da horren erakusgarri. Goizean Euskal Ondare Hezitzaileen Elkartearen ONDARHez II. Topaketaren ostean, Lea-Artibaiko artisten txanda izango da. Izan ere, bertan izango dira Jose Pablo Arriaga eskultore markina-xemeindarra eta Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarra.
Sua performancea izango da, hain zuzen ere, bertan estreinatuko dutena. Performance horrek “suntsipenetik berpizteko gaitasuna” esploratzen du, iragana eta orainaldia konektatuz: “Eskultura, dantza eta ekintza uztartzen dituen antzezlana da. Suak eraldaketa eta berpizkundea sinbolizatzen ditu. Lehenengo emanaldia izango da, Bilbon. Lea-Artibai inguruan ere gustatuko litzaiguke perfomancea aurkeztea, baina momentuz ez dago datarik”. Halaber, emanaldia ikusi nahi dutenek Bilbora joan beharko dute bihar [urtarrilak 29]; 18:00etan egingo dute emanaldia, eta ez da sarrerarik behar.
Rekalde Aretoaren berrirekiera ekitaldiak aurrera jarraituko du otsailaren 9ra arte, eta egunero egongo da zer egina bertan. Egitarau guztia kulturklik.euskadi.eus web orrian dago eskuragarri.