XIX. Beteranoen Trinkete Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute domekan
Bi partida ikusi ahalko dira domekan [otsailak 2], 10:00etatik aurrera.
Joan den astean eman zieten hasiera XIX. Eskuzko Binakako Beteranoen Trinkete Txapelketari. Beteranoena den arren, aurtengoan txapelketa aurrera eroateko gazteagoak ere onartu dituzte txapelketan. Hala ere, beteranoek euren esperientzia erakutsi, eta joan den asteko bi partidak irabazi zituzten.
Lehenengo jardunaldia atzean utzita, prest daude pilotariak bigarrenari ekiteko. Domekan [otsailak 2] bi partida ikusteko aukera egongo da. 10:00etan Aitzol eta Ibon gazteak ariko dira Roberren eta Egañaren aurka; Aitzolek Mendezen partez jokatuko du, eta zesta puntan aritzen den arren, eskuz ere bere trebetasuna erakusteko gai izango denaren ziur daude antolatzaileak. Hala ere, Rober bergararrak eta Egaña mendaroarrak ez dizkiete gauzak erraz ipiniko: “Ziur gaude gazteak saiatuko direla partida luze eta zaila egiten, baina, beteranoak oso ondo egon ziren lehenengo partidan eta faboritoak dira”.
Bigarren partida, ostera, 11:00etan hasiko da. Bi bikote beteranok jokatuko dute: Lander eta Foster ariko dira Jaunarena eta Latxiren aurka. Ez da partida erraza izango, izan ere, Lander eta Foster txapelketako irabazleak izan ziren 2023an, eta Elantxobeko Latxi, ostera, iazko irabazlea. Partida “polita eta orekatua” espero dute antolatzaileek: “Latxik aurrean Jaunarena nafarra izango du, eta nahiz eta Lander gaztea eta indartsuagoa izan, Gartzaronekoa trebea da, eta atzelari txapeldunak oso ondo babestuko du”.