Drogen kontsumoaren inguruko analisia egin dute Markina-Xemeingo araztegian
Espainiako Estatuko 27 araztegitan egin dute azterketa; emaitzen arabera, Markina-Xemein da anfetamina edo speed kontsumitzaile handiena.
Urtero egiten duten legez, hondakin uren azterketa egin du Espainiako Gobernuko drogen planerako ordezkaritzak, herritarren droga kontsumoa zein den aztertzeko. Hainbat araztegitan egiten dute azterketa, eta argitaratu berri duten 2021. urtetik 2023. urtera bitarte egindako analisietan Markina-Xemeingo araztegia ere aztertu dute; emaitzen arabera, Markina-Xemein da anfetamina edo speed kontsumitzaile handiena.
Guztira 27 araztegi aztertu dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, hiru izan dira aztertu dituztenak: Markina-Xemeingoa (10.000 biztanle baño gutxiago barnebiltzen ditu), Sestaoko Galindo araztegia (Bilbo inguruetako 500.000 biztanle barnebiltzen ditu) eta Gasteizko Krispiñako araztegia (200.000 eta 500.000 biztanle artean barnebiltzen ditu).
Droga bigunak nahiz gogorrak aztertu dituzte analisian, besteak beste, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa, eta kokaina, kannabis, anfetamina nahiz extasia bezalako drogen kontsumoa. Markina-Xemeingo emaitzei dagokienez, anfetaminaren kontsumoa da deigarriena; Espainiako Estatuan bataz besteko kontsumoa 1.000 biztanleko eta eguneko 24 miligramokoa den bitartean, Markina-Xemeinen 700 eta 2.100 miligramoren artekoa da. Galindoko araztegian, ostera, eguneko 707 miligramoko kontsumoa eta Krispiñakoan eguneko 804 miligramoko kontsumoak daudela aztertu dituzte.
Kokaina, kanabisa, extasia eta metanfetamina aztertuz gero, Markina-Xemeingo kontsumoa Espainiako Estatuko bataz bestekoa baino baxuagoa da.
Anfetaminari dagozkion Espainiako Estatuko kontsumo altuenei erreparatuz gero, Madrilen aztertu dituzten lau araztegietan eguneko eta 1.000 biztanleko 27 eta 54 miligramoko kontsumoa dagoela ondorioztatu dute; Galizian aztertu dituzten bi araztegietan, 21 eta 36 miligramo bitartekoa; eta Katalunian aztertu dituzten sei araztegietan 28 eta 141 miligramo bitartekoa. “Argi eta garbi ikusten da EAEn anfetaminak merkatu nitxoa duela”, adierazi dute azterketa egin dutenek.
Gainontzeko emaitzei dagokienez, kokaina, kanabisa, extasia eta metanfetamina aztertuz gero, Markina-Xemeingo kontsumoa Espainiako Estatuko bataz bestekoa baino baxuagoa da (eguneko eta 1.000 biztanleko). Kokainaren bataz bestekoa 2,2 miligramokoa da, eta Markina-Xemeinen 2 miligramoko kontsumoa aztertu dute; kanabisarena, ostera, 13 mg-koa da, eta Markina-Xemeinen 10 mg kontsumitzen dira; extasiaren bataz bestekoa 50 mg-koa da, eta Markina-Xemeinen 47 mg-ko datua jaso dute; azkenik, metanfetaminaren bataz bestekoari dagokionez, 5 mg baino gutxiagokoa da, eta Markina-Xemeinen 0 miligramoko kontsumoa jaso dute.
Alkoholari eta nikotinari dagokienez, ostera, Markina-Xemeingo kontsumoa Espainiako Estatukoa baino altuagoa da: alkoholaren bataz bestekoa eguneko eta 1.000 biztanleko 7,6 litrokoa da, eta nikotinarena, 1641 miligramokoa. Markina-Xemeinen, ostera, 12,2 litro alkohol eta 2.113 mg nikotina kontsumitzen direla ondorioztatu dute.
Jaiez kanpo. Hondakin uren azterketa gutxienez astebetez egin dute araztegietako bakoitzean, eta Markina-Xemeingo kasuan guztira hiru aste aztertu dituzte (martitzenean hasi eta astelehenean amaituz). Analisi horiek 2021etik 2023ra bitartean egin dituzte, lehenengo seihilekoetan, gehienbat udaberrian. Gaineratu dutenez, azterketa horiek jai, egun berezi nahiz oporraldietatik kanpo egin dituzte.