Mendexako pentsiodunak sinadurak biltzen egongo dira asteburuan
Otsailaren 2an [domeka] egongo dira sinadurak batzen Mendexako pentsiodunak, 11:00etatik 14:00etara, herriko plazan.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea aurkeztu zuen, eta honen harira, Euskal Herrian zehar sinadura bilketan dabiltza pentsiodunak. Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataren bestekoa izatea eskatzen dute. Horrenbestez, beste hainbat herritan bezala, Mendexan ere sinadurak biltzeko mahaia jarriko dute etzi, 11:00etatik 14:00etara, Goialde Jubilatu Elkarteak antolatuta.
Gaur egun 99.000 pentsiodunei eragiten dien auzia da, eta, beraz, pentsiodunek domekan mahaira hurbiltzeko deia egin dute; oraindik sinatu ez dutenei sinatzeko aukera eman nahi diete: «Bi baldintza daude sinatzeko; 18 urtetik gora izatea, eta EAEn erroldatuta egotea».