Sahararen aldeko elkartasun karabanarako janari bilketa jarri du martxan Yaalah Elkarteak
Barikura arte [urtarrilak 31] ikastetxeetan egongo da janaria uzteko aukera, eta asteburuan, herriko dendetan egongo dira boluntarioak.
Ondarroako Yaalah Elkarteak Sahararen Aldeko Elkartasun Karabanarako janari bilketa jarri du martxan, udalagaz elkarlanean. Astelehenean eman zioten hasiera janari bilketari, ikastetxeetan, eta asteburuan, herriko dendetan egongo da janaria uzteko aukera. Yaalah elkarteko kideek adierazi dutenez, momentuz, «oso ondo» doa bilketa: «Oraindik bihar arte egongo da janaria uzteko aukera ikastetxeetan, baina momentuz bide onetik doa, urtero bezala». Arroza, sardina eta atun kontserbak, pasta, azukrea, lekaleak eta konpresak biltzen dabiltza egunotan.
Urtero egin ohi duten bezala, lehenengo ikastetxeetan egin dituzte janari bilketak; pasa den astelehenean hasi eta bihar [urtarrilak 31] arte izango dute
ikasleek janaria uzteko aukera; Zaldupe Eskolan, Zubi Zahar Herri Ikastolan eta Ondarroako BHI Ikastetxean. Bihar [urtarrilak 31] eta etzi [otsailai 1], berriz, herriko dendetan egongo dira Yaalah Elkarteko kideak, eta baita, janari bilketan parte hartuko duten boluntarioak.
Elkarteko kideek boluntarioen lana mahaigaineratzeaz gain, hauen beharrezkotasuna azpimarratu dute. Horrez gain, dei egin die janari bilketan parte hartu nahi duen orori: «Boluntariorik gabe ezinezkoa litzateke janari bilketa aurrera eramatea. Beraz, Yaalah Elkartetik gure esker ona adierazi nahi diegu honetan parte hartzen duten guztiei. Hala ere, beti datoz ondo esku gehiago, hortaz, txandaren bat egiteko prest daudenek 615 72 10 57 telefono zenbakira deitu edo elkarteko norbaitekin jarri daitezke harremanetan».