Azken urteetan Ondarroara joandakoei ongi etorria eman die udalak
Gaur [otsailak 1] goizean batu dira herritarrak Ondarroako Kofradia Zaharrean. Ongi etorri saioaren ondoren, sareak sortzeko helburuagaz, janariaren bueltan batu dira bertaratu direnak.

Jatorri aniztasuna izan da gaur [otsailak 1] Ondarroako Kofradia Zaharrean udalak antolatutako ongi etorri saioan izan duten hizketagaia. Izan ere, jatorri anitzeko herritar desberdinak batu dira goizean, eta nahiz eta udal ordezkariek herriaren ezaugarri eta eragile desberdinen aurkezpena egin, saiora bertaratu direnek izan dute protagonismoa gaurkoan.Â
Hiru ataletan banatu dute ongi etorria. Lehenengoan, udal ordezkariek hartu dute hitza, eta herriaren aurkezpena egin dute. Bigarrenean, Ondarroako Udalak Aztiker ikerguneaz elkarlanean sortutako web orria erakutsi dute, udalerrira joandako herritarren jatorrizko herrialdea eta 2022 eta 2023 urteetako migrazio saldoa erakutsiz. Hirugarren atala, berriz, elkar ezagutu eta sareak sortzeko erabili dute, harreman sareen garrantzia mahaigainean jarriz.Â
Esti Arruti zinegotziak eman dio hasiera ekitaldiari, Urtza Alkorta Arrizabalaga alkatearen hitzak bere eginez: “Zoritxarrez, Urtza Alkorta Arrizabalaga alkatea bajan dago, eta horregatik, ezin izan da saiora etorri. Baina nik emango dut ongi etorria bere izenean”. Ongi etorria ematen hasi du saioa, euskaraz eta gaztelaniaz, eta udalerriaren zenbait ezaugarri azpimarratu ditu: “Ongi etorri Ondarroara, eta eskerrik asko gaurko saiora etorri zareten guztioi. Herri euskalduna, arrantzalea eta feminista da Ondarroa, identitate handikoa; kostaldean kokatuta dago, hondartza eta mendi artean. Kaleko bizitza handia dauka eta atseginez hartzen zaituztegu herrira zatozen guztiok”.Â
Euskara erdigunean jarriz, udalerrian, eta oro har, Euskal Herrian, euskarak daukan garrantziaz aritu da: “Gure lehenengo hizkuntza euskara da, eta udaletxetik egiten ditugun hitzaldi, esku-hartze edo interbentzio guztiak euskaraz egiten ditugu. Erabilera indartzeko politikak jartzen ditugu martxan, gure hizkuntza jazarria izan delako. Momentu honetan, gure bizitzako esparru guztietan erabilera berreskuratzeko eta normalizatzeko prozesuan gaude”. Arrutik, Ondarroa, herri aktiboa eta beroa dela ere aipatu du, eta gainerakoek, baieztatu egin dute honakoa: “Sare sozial aktiboa daukagu Ondarroan. Eragile eta talde ugari daude, kultura eta kirol jarduerak bultzatzen dituztenak”. Arrutik egindako sarreraren ostean, Irina Alkorta alkateordearen txanda izan da, eta honek ere, bi hizkuntza nahastuz, eskerrak eman die bertaratu direnei.Â
Jarraian, Markel, Marcos, Gina eta Andreak hartu dute hitza, eta bakoitzaren bizipenetatik abiatuta Ondarroara nola eta noiz heldu ziren kontatu dute. Markel Senegaletik heldu zen duela zazpi urte. Komunikatzeko, eta sareak sortzeko orduan euskarak duen garrantzia azpimarratu du: “Hizkuntzara gerturatzea garrantzitsua da pertsonengana heltzeko”. Hala ere, egoera bakoitza desberdina denez, hizkuntza ikasteko denbora behar dela ere aipatu dute, eta lanak, beti daukala lehentasuna. Marcos eta Andrea Uruguaitik heldu ziren Ondarroara, bakoitza bere familiagaz, eta Gina, Ghanatik, duela hamar urte inguru. Egun, bertan irudikatzen dute beraien eta familiaren etorkizuna. Laukote honek urteak darama Ondarroan, eta etorri berri direnei herria aurkezteko helburuagaz kontatu ditu bakoitzak bere bizipenak. Ondoren, saiora bertaratu diren gainontzekoek hartu dute hitza, eta bakoitza bizi izan duenaren inguruan aritu da. Ondarroako euskara eta berdintasun teknikariak ere egon dira bertan, eta beraien arloen inguruan hitz egin ondoren, edozein zalantza argitu edo laguntza eskatzeko udaletxeko ateak zabalik daudela adierazi dute. Horrez gain, Zubi Zahar Herri Ikastolako Esti Urizar zuzendaria ere saioan egon da, eta eskerrak eman die bertan zeuden familiei. Bide batez, euskararen garrantzia azpimarratu du: “Ikastolan euskaraz bizi gara, euskaraz bizi nahi dugulako Euskal Herrian”.Â
Saioari amaiera eman eta harreman sareak eraiki edo estutzeko helburuagaz, Kofradia Zaharreko lehengo solairura jaitsi dira, bertan, janari artean elkarrizketa “goxoagoak” izateko asmoz.Â















































































































