Ohitura zaharrei eutsiz Santa Eskean atera dira mutrikuarrak
Goizean goiz eman diote hasiera gaurko [otsailak 1] egunari Mutrikun.

Goizean goiz elkartu dira gaur mutrikuarrak, kopla artean lurrari golpeak eman eta herriko txokoak kantuz alaitzeko. Goizeko lehen orduetan eguraldi aldrebesa izan duten arren, abesten hasi bezain pronto irten dira lehen eguzki printzak. Ume, gazte zein nagusi batu dira Gaztetxe inguruan, 09:00etan, eta segituan hartu dute Goiko Plazarako bidea, pandero eta trikitiaren doinu artean, udaletxeko ordezkariei bertso sorta eskaintzeko asmoz.
Aurtengo bertso sorta, gainera, “berezia” izan da; izan ere, eguenean [urtarrilak 30] utzi zuen alkate kargua Joseba Palenzuelak, eta Ainhize Azpiazuri testigua pasata, udaletxe aurrean agertu dira biak, Aitor Itza zinegotziarekin batera. Bertsolariek “eskerrak” eman dizkiote, hainbeste urteetan herriarengatik egindako lanagatik, eta Mutriku “esku onetan” gelditzen dela adierazi dute.Â
Jarraian, elizako atarian jarri dira herritarrak, urteroko argazkia ateratzeko. Lau taldetan banatu eta egunari ekin diote. Lehenengo taldean Iñigo Arrizabalaga eta Imanol Lekunberri ari dira koplari, herriko kaleetan zehar. Bigarren taldean, berriz, Udane Mugerza, Malen Aldalur eta Peru Vidal dabiltza, Olatz eta Ibiri bailaretan. Hirugarren taldea Astigarrabia, Olabarrieta eta Laranga bailaretan dabil, Alex Idoeta eta Orlando Arreitunandia koplatan ari diren bitartean. Laugarren taldea, goizean Galdua bailaran ibili ostean, arratsaldean Mijoan ibiliko da, Iñaki Apalategi eta Xabier Astigarraga koplariekin.
Azken urteetan bezala, aurten ere, Santa Eskean batzen den dirua herriko elkarte edo taldeentzat bideratuko dela adierazi dute Mutrikuko Bertso Eskolako antolatzaileek: “Aurtengoan Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa etorri da laguntza eske”. Beraz, batzen den zakuaren erdia konpartsarentzat izango da, eta beste erdia, bertso eskolaren beharretarako erabiliko da. Gainera, azken urteetako berritasunarekin jarraituz, aurten ere, koroak abesten duen errepikapena urteko lemaren esanahira moldatu da: “Buruhandien eta erraldoien/Konpartsarekin batera/aterik ate zabaltzen degu/kultura eta euskara”.
Goizeko ibilbidea amaitu ondoren Mutrikuko Gaztetxean batuko dira lau taldeak, bazkaltzeko. Arratsalderako indarrak hartu, eta berriro ibiliko dira herriko kaleetan zehar; makila eskuan eta bertsoa ahoan.Â


















































































