35 postu edukiko ditu Markina-Xemeingo Landare Azokak
Zapatuan [otsailak 8] 10:00etatik 14:30era "denetariko postuak" egongo dira Zelai inguruan. Hemen Be Bai merkatari elkartearen Neguko Merkatu Txikia eta Gabino Muruaren hitzaldia ere egongo dira.

Urteroko hitzordua da azoka zaleentzat Markina-Xemeingo Landare Azokakoa. Zapaturako [otsailak 8] prestaketa denak eginda dituzte Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak: aurtengoan landare, ekoizle eta artisauen 35 postu egongo dira. Hala, 10:00etatik 14:30era “herritar guztien gustuetarako” postuz beteko da Zelai ingurua.
Antolatzaileen helburua, beste urte batez, landa eremuari eta lehen sektoreko ekoizleei bultzada ematea dela adierazi dute. Lea-Artibai Mankomunitateak ere bat egiten du helburu horrekin, eta hala, azokan egongo dira konposta eta letxuga landareak banatzen. Azaldu dutenez, konposta Andonegiko konpost plantan egindakoa da, edukiontzi marroian jasotako biohondakinetatik eratorria; paperezko poltsetan banatuko dituzte. Era berean, herritarrek dituzten galderak ere erantzungo dituzte, konpostaren, hondakinen nahiz bestelako gaien inguruan.
Denetariko postuek hartuko dute Zelaia. Landare mintegiei dagozkien sei postu egongo dira, zuhaitzak, landareak, lorteak nahiz fruta-arbolak saltzen: Viveros Areitio, Ortuberri, Viveros Belar, Murueta Lorategia, Lurberry Mintegia eta Viveros Larena. Ekoizleen postuak, ostera, hamazazpi izango dira: gazta, esnekiak, ogia eta gozoak, okela, ahatekiak, eztia, edariak, landare haziak, berakatz beltza eta gildak erosteko aukera egongo da. Artisauen postuak ere ez dira faltako, izan ere, hamabi ipiniko dituzte. Besteak beste, bitxiak, erropa, motxilak eta poltsak, osagarriak eta jostailuak salduko dituzte artisauek.
Azokaren osagarri. Azoka gutxi balitz, hainbat osagarrigaz asteburu bete-beteagaz gozatzeko aukera egongo da Markina-Xemeinen. Zapatuan 11:00etan Gabino Murua adituaren hitzaldia egongo da. Muruak fruta arbolen inausketaren eta txertaketaren ingurua egingo du berba, udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Era berean, Hemen Be Bai merkatari elkarteak egun berean ipiniko du Neguko Merkatu Txikia ere; Zelaian ipiniko dute azoka, 09:30etik 14:30era. Euria eginez gero, ostera, Plazabarripean ipiniko dituzte postuak.
Domekan [otsailak 9], aldiz, Bateratze Guraso Elkarteak Zuhaitz Eguna ospatuko du. 11:00etan elkartuko dira Arkupean, eta ibilbide labur baten bitartez herriko zuhaitzak ezagutuko dituzte. Ezagutzeagaz batera, zuhaitz berriak ere landatuko dituzte. Egunagaz amaitzeko, Uhagon kulturgunera abiatuko dira, eta han intsektu nahiz txorien habiak ipiniko dituzte zuhaitzetan; ostean, kopaua egongo da.