Lea-Artibaiko eskalatzaileek hiru domina lortu dituzte Euskadiko Boulder Txapelketan
Maila nagusian, hirugarren postua lortu zuen Iñaki Arantzamendik. 18 urtez azpikoen kategorian Gari Markuerkiaga gailendu zen, eta hamalau urtez azpikoetan bigarren postua eskuratu zuen Izar Martinek.

Euskadiko Boulder Txapelketa jokatu zen zapatuan [otsailak 1] Donostiako The Factory Boulder rokodromoan, Euskal Mendizale Federazioak antolatuta. Guztira 210 eskalatzaile lehiatu ziren, eta bertan egon ziren Lea-Artibai eskualdeko eskalatzaileak ere. Gainera, hiru dominagaz bueltatu ziren eskualdera.

Iñaki Arantzamendik, eskuinetik hasita lehenengoa, hirugaren postua lortu zuen gizonezkoen maila nagusian.Arbide Eskalada Taldea.
Maila nagusian, gizonezkoetan, hirugarren postua lortu zuen Iñaki Arantzamendi Irueta ondarrutarrak. Gainontzeko bi dominak Arbide Eskalada Taldeko eskalatzaileentzat izan ziren. Gazteen artean, 18 urtez azpikoen mutilen kategorian, Gari Markuerkiaga Sarria lekeitiarra gailendu zen, eta 14 urtez azpikoen nesketan, berriz, Izar Martin Lemak bigarren postua bereganatu zuen. Arbide Eskalada Taldeak Euskadiko Boulder Txapelketan parte hartu zuten taldeko eskalatzaileak zoriondu ditu, egindako lanagatik.

Gari Markuerkiaga 18 urtez azpiko gizonezkoen kategorian gailendu zen.Arbide Eskalada Taldea.