Arbideko II. Gazteen Bloke Txapelketa herrikoia egongo da zapatuan, Ondarroan
10:00etan emango diote hasiera txapelketari zapatuan [otsailak 8], Ondarroako Arbide eskalada Taldeko rokodromoan (San Ignazio, 40).
Ondarroako Arbide Eskalada Taldearen II. Gazteen Bloke Txapelketa herrikoia burutuko da zapatuan [otsailak 8] taldearen rokodromoan (San Ignazio, 40). Hasiera batean 09:15ean hastekoak baziren ere, azkenean, 10:00etan abiatuko da txapelketa. Arbide Eskalada Taldeko antolatzaileek adierazi dutenez, guztira 54 lagunek eman dute izena, eta nahiz eta Ondarroatik eta oro har, Lea-Artibai eskualdetik bertaratuko den jende gehien, Euskal Herriko txoko desberdinetatik joango dira zapatuan Arbideko rokodromora.
Hiru kategoriak lehiatuko dute: 15 urtez azpikoak, 13 urtez azpikoak eta 11 urtez azpikoak. Txandak hurbiltasunaren arabera antolatu dituztela adierazi dute antolatzaileek: “Lehenengo txandan Ondarroako, eta orokorrean, eskualdeko jendea sartu dugu, goizegi baita Lizarratik datorren batentzat. Beraz, hasierako txandetan bertokoak egongo dira, eta hurrengoetan gainerakoak”.
25 bloke inguru prestatu dituzte Arbideko kideek, eta parte hartzaile guztiek bloke berdinak egingo dituztela zehaztu dute: “Eskalatzaile guztiek bloke berdinak izango dituzte egiteko. Bloke batzuk zailagoak izango dira txikienentzat, distantziagatik batez ere. Baina hori ekidin nahi izan dugu, eta gure helburua, denek dena egitea izango da; beraz, txikienentzako erronka bezala planteatzen dugu. Hortaz, zapatuko txapelketan bloke zailenak ez du izango puntuazio altuena, ez baita horren arabera baloratuko, ohiko txapelketetan bezala. Txapelketa honetan parte hartzaileek bloke guztiak egin dituzten edo ez baloratuko da, denek dena eskalatzeko”.
Sariei dagokionez, kategoria bakoitzeko lehenengo hiru neska-mutilek Arbideko kideek egindako garaikurra irabaziko dute. Horrez gain, bi zozketa egongo dira, txapelketako laguntzaileek emandako eskaladako materialagaz. Lehenengo zozketa txapelketa tartean egingo da, eta bigarrena, sari banaketaren ondoren. Tenayak emandako eskalatzeko oinetakoak, Dra dendak emandako soka, Mendexa Abentura Parkera joateko lau sarrera, eta Zarautzeko rokodromorako bi pertsonentzako bi sarrera zozkatuko dira. Arbide Eskalada Taldetik eskerrak eman dizkie laguntzaileei; Tenayak eta Dra dendari materialarengatik, eta Mendexa Abentura Park eta Zarauzko rokodromoko kideei sarrerengatik.