Euskara sustatzeko plana ipini dute martxan Ziortza-Bolibarren
Galdetegia betetzeko azken eguna izango da bihar [otsailak 7] izango da. Parte hartze saioak egingo dituzte otsailaren 13an eta 27an, 18:00etan, udaletxean.
Ziortza-Bolibarko Udala euskara sustatzeko plan estrategikoa lantzen hasi da, eta plana zehaztu eta aurrera ateratzeko, herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” izango da.
Halaber, lehenengo pausoa herrian zabaldu duten galdetegia betetzea izango da: “Euskarari buruzko galdera batzuk dira. Azkar betetzeko galdetegia da, eta guretzat ezinbestekoa da herritarren iritzia jasotzea”. Banatu duten eskuorriko estekaren bitartez erantzun daitezke galderak, edo hala nahi izanez gero, baita galdetegia paperez bete eta udaleko postontzian utzita ere; horretarako azken eguna bihar [otsailak 7] izango da].
Galdetegiaz gain, parte hartze saioak ere egingo dituzte herritarrekin. Otsailaren 13an eta 27an izango dira saio horiek, 18:00etatik 19:30era, udaletxean. Udal ordezkariek adierazi dutenez, plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatuko dituzte; eragile eta herritarrei dei egin diete bertan parte hartzera.
Konpromisoa. Udalak jakitera eman duenez, azken datu ofizialen arabera Ziortza-Bolibarren %83,2 dira euskaraz dakitenak: “Kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera nabarmena egon da 2017tik 2021eko datuetara. Hau nabarmena den arren, hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dugu, eta etxean jaso ez duten ehunka ziortza-bolibartarrek ere ikasi dute”.
Euskaraz bizi den herria da Ziortza-Bolibar, eta hala izaten jarraitzea gura dute udal ordezkariek: “Gure bizimoduan aldaketa handiak gertatu dira urteotan, eta hurrengoetan ere gertatuko dira. Aldaketa horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari, eta globalizatutako mundu honetan, ezinbesteko izango zaigu euskararen aldeko hautua egitea”.
Era berean, herritarren laguntzagaz batera, udalak ere bere gain hartu du euskara sustatzeko ardura: “Badugu zer egina: euskaraz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasunak ematea herritar eta eragileei. Hori da Ziortza-Bolibarko Udalaren konpromisoa”. Hala, adierazi dutenez, bide hori landu eta horretan sakontzeko plangintza bat osatzeko asmoa du udalak, herritar eta eragileekin elkarlanean.