Irungo erailketa matxista salatuko dute eskualdeko hainbat herritan
Gaur [otsailak 7] eta bihar [otsailak 8] egingo dituzte elkarretaratzeak. Eguaztenean [otsailak 5] 47 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Irunen, haren ama hiltzea egotzita.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait talde feminista eta udalek Irungo hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte. Zehazki, Aulestin, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Munitibarren elkartuko dira.
- Markina-Xemein. Gaur [otsailak 7], 19:00etan, Goiko portalean. Markina-Xemeingo Mugimendu Feministak deituta.
- Munitibar. Gaur [otsailak 7], 19:30ean, herriko plazan.
- Lekeitio. Bihar [otsailak 8], 13:00etan, Eskolapean.
- Aulesti. Bihar [otsailak 8], 19:30ean, herriko plazan.
Eguazten [otsailak 5] arratsaldean Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu zuen Irunen haren ama labanaz erasotzea leporatuta; atzo [otsailak 6] goizean jakinarazi zuten eguaztenean 22:30 inguruan hil egin zela, zaurien ondorioz. Gizonezkoa 13:30ean joan zen amaren etxera, eta han aiztoagaz erasotu zuen ama. Gizonak etxetik ihes egin zuen arren, minutu gutxira Ertzaintzak atxilotu egin zuen, hilketa saiakera leporatuta.