Zitrikoak izan dira Landare Azokako protagonistak
Denetariko zuhaitz, lore eta landareak erosteko aukera egon da gaur [otsailak 8] Markina-Xemeingo Landare Azokan; jende ugari ibili da goizean goizetik. Gabino Muruaren hitzaldiak osoko bilkura aretoa bete du.

Inguruko mendiak elurtuta eta eguraldi hotzagaz hasi dute gaur [otsailak8] goizean Markina-Xemeingo Landare Azoka. Hala, tarteka euria egin badu ere, azoka hasi denetik amaitu denera arte ibili da jendea Zelai inguruan. Izan ere, sasoi ezin aproposagoa da landareak erosteko, eta erosle nahiz saltzaileak horren jakitun, jendearen joan-etorria handia izan da goiz guztian.
35 postuk osatu dute aurtengo azoka, eta artisau eta ekoizleez gain, aukera ugari egon da landareak erosteko. Limoiak, naranjak, sagarrak, kiwiak, ahuakateak, gereziak eta beste hamaika zuhaitz eroan dituzte saltzaileek, eta gustura erosi dituzte erosleek. Gainera, lore eskaintza ere ugaria izan da, eta erosleek eskertu egin dute hori: “Denetarik dago, aukera oso zabala. Gu fruta ematen duen zuhaitz baten bila etorri gara, baina baliteke beste zerbait gehiagorekin itzultzea etxera”.
Horixe izan da, hain zuzen ere, saltzaileek gehien eroan dutena: fruta ematen duten zuhaitzak. Murueta Lorategiko Nekane Torrontegi izan da zuhaitzak eroan dituen horietako bat: “Urte asko daramatzagu etortzen, eta aurten fruta ematen duten zuhaitzak ekarri ditugu gehienbat. Denetarik ekarri dugu: sagarra, madaria, melokotoia, okarana, gereziak… Zitrikoak ere ekarri ditugu, ze, jendeak horretara asko jotzen du: limoiak, naranjak, mandarinak… horiek, oraintxe bertan, oso modan daude eta asko saltzen ditugu”. Zaldibarko Areitio haztegiak lore zuhaixkak ere eroan ditu: “Fruta arbolak ekarri ditugu gehienbat, baina baita lore zuhaixkak ere. Oraingoz, ondo doa eguna. Goizean giroa apur bat lainotuta egon da eta ez dugu aurreikuspen handirik eduki, baina azkenerako jendea ibili da eta ondo ari gara saltzen”. Jabier Beaskoetxeak, ostera, loreak eroateko apostua egin du: “Aurretik etorrita nago egun honetan, eta aurten larroak eta neguko landareak ekarri ditut, baita etxe barneko landare batzuk ere. Lasai dabil jendea, eta salmentak ere halaxe doaz”.
Landareez gain, bestelako postuetan erosteko ere aukera ugari eon da. Artisau eta ekoizleak egon dira bertan, eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak Neguko Merkatu Txikia ere ipini du. Bestalde, Lea-Artibai Mankomunitateak konposta banatu du herritarren artean, eta baita letxuga landareak ere.Â
Muruaren hitzaldia. Zalantzarik barik, eguneko arrakastetako bat Gabino Muruaren hitzaldia izan da. Gipuzkoarrak fruta-arbolen inausketari eta txertaketari buruz egin du berba, eta interes berezia erakutsi dute hitzaldira bertaratu direnek. 60 lagunetik gora elkartu dira udaletxeko osoko bilkura aretoan; izan da zutik geratu behar izan duenik ere. Entzuleak hainbat galderagaz heldu dira hitzaldira, eta denak erantzuten saiatu da Murua.Â
Gaurkoak bere onenak eman dituen arren, bihar [otsailak 9] Bateratze Guraso Elkarteak Zuhaitz Eguna ospatuko du. 11:00etan elkartuko dira Arkupean, eta ibilbide labur baten bitartez herriko zuhaitzak ezagutuko dituzte. Ezagutzeagaz batera, zuhaitz berriak ere landatuko dituzte. Egunagaz amaitzeko, Uhagon kulturgunera abiatuko dira, eta han intsektu nahiz txorien habiak ipiniko dituzte zuhaitzetan; ostean, kopaua egongo da.


















































































