Emakume Zientzialarien eguna ospatu du Ondarroa BHIk
Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, EME Automobilismo Taldearen bisita "berezia" izan zuten atzo [otsailak 10] Ondarroa BHIko ikasleek.

Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur [otsailak 11], eta honen harira, ekintza desberdinak antolatu ditu Ondarroa BHIk astean zehar. Atzo [otsailak 10] EME Automobilismo Taldearen bisita izan zuten, eta ikasleekin beraien esperientzia, erronka eta lorpenak partekatu zituzten, “emakumeak kirol tekniko eta lehiakorretan ahalduntzeko” garrantzia azpimarratuz.

Monika Muñoz.Ondarroa BHI.
Automobilismoaren munduan emakumeen parte hartzea eta ikusgarritasuna sustatzen duen taldea da honakoa, tradizionalki maskulinizatua dagoen espazio batean bideak irekiz: “2024ko ekainaren 29an San Migel Rally Sprinta berreskuratu zuen taldeak, Elgoibar eta Etxebarri artekoa. Proba hau emakumeek osoki antolatutako lehen automobilismo lasterketa izan zen”. Ondarroa BHIko irakasleek bisita hau “inspirazio-iturri” izan daitekeela azpimarratu dute, “neska gazteei automobilismoa eta ingeniaritza bezalako arloetan parte hartzera animatuz”. Eskerrak eman dizkie EME Automobilismo Taldeko Monika Muñoz, Nerea Campos, Garazi Beitia eta Dorleta Urkiari, egindako ekarpen “zoragarriarengatik”.
Bestalde, aste guztian zehar, atsedenaldietan, boto ontzia jarriko dute ikastetxeko sarreran. “Zientzialari ospetsuen izenekin osatutako hizki zopa ebatziko dute ikasleek eta boto ontzian utziko dute”. Barikuan [otsailak 14] zozketa egingo da, eta irabazleak saria jasoko du.