Haurreskolak Partzuergoak eta LABek lan hitzarmen berria sinatu dute
2026ko abenduaren 31ra arteko iraupena dauka eta indarrean segituko du berri bat izenpetu arte. ELA eta Steilas sindikatuek uko egin diote hitzarmena sinatzeari, "akordio hobe bat" merezi dutela-eta, baina greba deialdia bertan behera utzi dute.

Haurreskolak Partzuergo Publikoak eta arlo horretan gehiengo sindikala duen LAB sindikatuak lan hitzarmana sinatu zuten atzo (otsailak 10). 2026ko abenduaren 31ra arteko iraupena dauka eta indarrean segituko du berri bat izenpetu arte. ELA eta Steilas sindikatuek uko egin diote hitzarmena sinatzeari, “akordio hobe bat” merezi dutela eta honek “gabeziak” dituela argudiatuta, baina greba deialdia bertan behera utzi dute.
“Osotasunean” berritu dute lan hitzarmena hamaisei urteren eta “hamaika greba eta mobilizazioren ostean”. Hala, “borrokak merezi duela” nabarmendu du LAB sindikatuak.
Hitzamenak urteko lanaldian 100 orduko jaitsiera jasotzen du, lan zama arintzeko hainbat neurrigaz batera. Horrez gain, ikasturtean sei jai egun gehiago izango dituzte datorren ikasturtetik aurrera. Erosahalmena berreskuratzeari dagokionez, kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorrekoekin parekatuko dituzte, osagarriak eguneratu eta gizarte funtsa eta formakuntza funtsak lortzeagaz batera. Aseguruen primak igo eta lana eta bizitza uztartzeko hainbat lizentzia eta baimen berri jasotzen ditu hitzarmenak, Hezkuntza saileko hezitzaileek dituztenekin parekatuz.
Lan osasunean hobekuntzak, berdintasun protokoloak eta formakuntzan hobekuntzak jaso dituztela diote sindikatukoek. Eta gogoratu dute hobekuntza horiei batu behar zaizkiela iaz lortutako bi akordioak, negoziaketa honen baitan egindakoak eta lan hitzarmenean txertatuta daudenak.
“Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 64 lanpostutan handituko da, behin behineko kontratu kopuru hori estrukturala bilakatzea lortu dugulako eta beste horrenbeste lortuko ditugu negoziazio honen ondorioz”, gehitu dute sindikatukoek. Gainera, behin-behinekotasun tasa gehienez %5era mugatzea ere jaso dute eta hurrengo oposizio eredua negoziatzea eta adostea ere bai.
Ordezkoen araudi berria adostea eta lan hitzarmenean jasotzea ere lortu dute, baita behin-behineko lanpostuak telematikoki betetzeko aplikazioa (ordezkagunea) aurtengo irailaren 1etik martxan jarriko dela jasotzea ere.
Bestalde, hitzarmen honek ez diela bakarrik lan baldintzei eragiten diote sindikatukoek, haurrei eskaintzen zaien hezkuntza zerbitzuan ere eragina izango duela esanda; izan ere, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio “murritzak” alboratu dituztela diote. “Askoz hobeak diren eta gaur egun Partzuergoan aplikatzen direnak jasotzea lortu dugu, hilabete honetan bertan negoziatuko diren plantillak esleitzeko irizpideak zehaztu bitartean”, azaldu dute sindikatukoek. Eta, gainera, pantillak esleitzeko irizpideak negoziatzeko egutegia eta aldagaien dokumentua sinatu dituzte.
Sindikatuak adierazi du lanean jarraituko duela “Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortu arte”.
Jaurlaritzan ere, pozik.
Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailak esan du hitzarmen horri esker “etorkizunerako zerbitzu egokia” bermatuko duela. Hain zuzen ere, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua pozik agertu da lortutako akordioagaz. “Gogobeteta” agertu da bi aldeen arteko elkarrizketak akordio bat ekarri duelako, eta nabarmendu du akordio horri esker Haurreskolak Partzuergoak bere helburua “familientzat zein hezitzaileentzat berme eta kalitate osoz” garatzen segitu ahal izango duela.
Hezkuntza sailburuak aditzera eman duenez, azken urteotan “hobekuntza zehatzak” lortu diren arren, une honetan behar beharrezkoa zen “zerbitzu pubkikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa indartzearen aldeko apustu sendoa” egitea: “Haurreskolen proiektua indartzen jarraitu nahi dugu, eta familia guztiei hezkuntza eta laguntza zerbitzurik onena egin nahi diegu”.