Lekeitioko EAJk EH Bilduren "kudeaketa eskasa eta planifikazio falta" salatu ditu
EAJren udal taldeak 2025eko aurrekontuen aurka bozkatu du. Parte hartze eta gardentasun falta, kudeaketa eskasa eta planifikazio falta eta hartutako konpromisoak bete ez izana salatu dituzte.
Lekeitioko EAJren udal taldeak adierazi du EH Bilduk aurkeztutako aurrekontuen aurka bozkatu duela, “udal gobernuaren kudeaketa eskasa eta planifikazio falta” salatuz. Era berean, “emandako hitza ez betetzea” ere salatu dute jeltzaleek. Aurrekontuak egiterako orduan gardentasun falta, Lekeitio hobetzen jarraitzeko inbertsio proiektu berrien hutsunea eta hartutako konpromisoak bete ez izana defendatu dute.
Gardentasun faltari dagokionez, “berriro ere” aurrekontuak ez direla batzordeetatik pasatu salatu dute. Era berean, aurrekontuak herritarrei azaldu eta ekarpenak egiteko herri batzarrik egin ez dela ere adierazi dute: “Ezin da onartu herritarrek eskura daukaten aurrekontuei buruzko lehen informazioa aurrekontuak onartu ondoren izatea. Ezinbestekoa da gardentasun eta parte hartze printzipioei eusteko, herritarrei aldez aurretiko informazioa ematea”.
Bestalde, kudeaketari eta planifikazioari dagokionez, “inmobilismoa eta etorkizunera begirako herri proiektu falta” salatu dituzte: “EH Bilduk aurkezten duen 2025eko aurrekontu proiektuko inbertsio gehienak EAJk aurreikusitako eta Europar Batasunetik lortutako 1.000.000 euroko Next Generation dirulaguntzekin hasitako proiektuak dira”. Salatu dute ez dagoela Lekeitio hobetzen jarraitzeko inbertsio proiektu berririk: “Lan egiteko modu horrekin, orain dela urte batzuk bizi izan genuen egoerara bueltatzen ari gara: paralisira eta inbertsio eta proiektu berrien faltara”.
Ildo beretik, 2024ko aurrekontu partida asko ez direla egin salatu dute, besteak beste: aterpetxeko eguzki plakak ipintzeko estalkiaren konponketarako aurreikusitako 58.000 euroak ez dira erabili; kiroldegian makinak erosteko eta konponketa egiteko aurreikusitako 88.000 eurotik 13.867,02 euro erabili dira; igerilekuan egin beharreko lan eta horniduretarako aurreikusitako 125.000 eurotik 55.193,70 euro erabili dira; eta Armintzeko kobazuloetako pinturak babesteko obren proiektua ez da egin (BFAk finantzatutako proiektua da, 225.000 eurogaz).
“Nahiz eta iaz EAJk egindako ekarpen gehienak EH Bilduren udal gobernuak onartu eta 2024an egiteko konpromisoa hartu, ez du bat bera ere egin”
Era berean jeltzaleentzat 2025eko ekitaldirako “ezinbestekoak” diren hainbat proiektu aurrekontuetan ez aurreikustea ere salatu dute: “Aipatzekoa da diru partidarik ez aurreikustea biribilguneko aparkalekuak erosi, titulartasuna eskuratu eta ordainpeko sistema martxan ipini ahal izateko”.
Azkenik, EH Bilduk EAJri emandako hitza bete ez izana ere leporatu diete. Iazko aurrekontuen bozketan EAJren udal taldea abstenitu egin zen eurek egindako ekarpenak burutzeko konpromisoa hartu zutelako; guztira bost ekarpen proposatu zituzten. “Nahiz eta egindako ekarpen gehienak EH Bilduren udal gobernuak onartu eta 2024an egiteko konpromisoa hartu, ez du bat bera ere egin”.
Bestalde, Lekeitio 700 egitasmoaren aurrean “konpromiso falta” salatu dute jeltzaleek: “Harritzekoa da Lekeitioko herriaren ospakizun bat izanik, Lekeitioko Udalak 5.000 euro bakarrik bideratzea, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 85.000 euro eta 60.000 euro bideratzen dituenean”.
Proposamen zehatzak. Akordio bat lortzeko asmoarekin, “bi proposamen oso zehatz” egin zituzten jeltzaleek. Alde batetik, 2024ko aurrekontuetan egindako bost ekarpenak 2025eko aurrekontuetan sartzea, eta bestetik, Musikaia Musika Eskola 2025-2026 ikasturtean izaera publikoko musika eskola modura hasteko 200.000 euroko partida gehitzea.
2024ko bost ekarpenei dagokienez, EH Bilduren udal gobernuari 2025eko aurrekontuetan sartzeko eskaria egin dio EAJren udal taldeak; EH Bilduk ezezkoa eman zuen, eta 2024ko aurrekontuen likidazioaren baldintzapean ipini. Eskarien artean daude Zumatzeta eta San Inazio inguruko berriztatze prozesuan aurrera jarraitzeko proiektua egitea, Maderas de Lekeitio eta Antzorizko eremua herriratzeko pausuak ematen jarraitzeko partida eratzea, Eluntzetako bidea saihesbidearekin eta Lea ibilbidearekin lotzeko partida eratzea, Lekeition etxebizitzak eskuratzeko dagoen arazoa aztertu eta neurriak hartzeko ikerketa burutzea eta alde zaharra birgaitzeko plan berezia eguneratzeko prozesuari emateko partida eratzea.
Musikaiari dagokionez, “egindako ekarpen guztiak aurrekontuetan ez sartzea” erabaki duela EH Bilduren udal gobernuak salatu dute: “Berriro ere, 2025eko apirila inguruan egingo den likidazioaren baldintzapean ipini ditu. Zoritxarrez, Musikaia Musika Eskola 2025-2026 ikasturtean izaera publikoko musika eskola modura hasteko beranduegi ez izatea espero dugu”.
“Ziurtasun osoz” adierazi dute proposatutako proiektu horiek aurrera ateratzea “denbora kontua” dela: “Beharrezkoak dira Lekeitio eta Lekeitiarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko, eta gainera, kostu guztiz egingarria dute”.