Lekeitioko Udalak 282.527 euro gehiago izango ditu 2025eko aurrekontuetan
Iazko likidazioa egin ostean milioi bat eta zazpirehun mila euro gehiago eskuratzea aurreikusten dute. Udalak adierazi duenez, aurten gobernantza kooperatiboari "garrantzi berezia" eman nahi diete.
EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin, 11.182.584 euroko aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak; iaz baino 282.527 euro gehiago edukiko dituzte proiektuak aurrera eroan ahal izateko (iazko aurrekontua 10.900.057 eurokoa izan zen). “Erronkak betetzen segitzeko urtea” izango dela adierazi dute udal ordezkariek: “Pozik diogu 2024rako zehaztutako erronken gehiengoa bete dugula, eta egiteke geratu direnak urte honetarako planifikatuta daudela jada”.
Onartutako aurrekontuaz gain, iazko likidazioa egin ostean milioi bat eta zazpirehun mila euro gehiago eskuratzea aurreikusten dute: “Hau, egin ditugun inbertsioetatik jasotako diru sarrerei eta jasotako diru laguntzei esker da”. Ildo beretik, zerbitzu publikoen eraginkortasunari begira hainbat zuzenketa egin dituzte, eta horrek ere gastuak murriztea ahalbidetu du.
Era berean, garrantzitsutzat jo dute ekonomikoki herria “sendo” egotea; horretarako, “luzera begirako ikuspegi estrategikoz” ari dira lanean. Horren adierazgarria izango da 2025. urtea: “Ikasturte honetan gobernantza kooperatiboari garrantzi berezia emango diogu, herriaren erabakietan herritarrak zuzenean parte hartzeko”. Halaber, aurten zazpi parte hartze prozesu eroango dituzte aurrera, hainbat gairi buruz: harrera plana, herriko hausnarketa estrategikoa, txakur eta kaleko katuen inguruko hausnarketa, etxebizitza turistikoak, UdalHez hezkuntza proiektua, kirol arloaren plan estrategikoa eta gazte plana.
Udalak adierazi du “arloz arlo” egin dituela apostuak, “herri ikuspegia” kontuan hartuz: “Aurrekontuetan sarri, diru gehien nora doan begiratzen da, baina, ikuspegi zabalagoa izatea garrantzitsua da. Hori horrela, aurtengo hainbat proiektu nabarmendu nahi izan dituzte: etxebizitza turistikoak mugatu eta arautzeko HAPOn aldaketa puntuala, Lekeitio 700 dinamika, Lekeitiok euskara behar du euskararen aldeko herri dinamika bultzatzea, kiroleko plan estrategikoa, merkataritzaren inguruko hausnarketa, gazteei alokairua ordaintzeko diru-laguntzak eta gazte aisialdia sustatzea eta bigarren urtez Herri Udalekuak egitea.

Iazko azaroaren 3an aurkeztu zuten Lekeitio 700 egitasmoa.
Era berean, hainbat “inbertsio handi” ere egingo ditu udalak. Horien artean hainbat nabarmendu dituzte. Alde batetik, Mendieta ontziolaren eraberritzea egiteko 300.000 euroko diru saila erabiliko du; iazko uztailean hasi zituzten lehenengo faseko lanak. Diru kopuru bera erabiliko dute Alde Zaharra arautzen duen plan berezia (PERI) aurrera eroateko ere; 30 urte ditu gaur egungoak eta obrak egiterakoan arazoak sortzen dituela adierazi dute udal ordezkariek.
Bestalde, 135.000 euroko partida eskainiko diete udal eraikin guztietan plaka fotovoltaikoak ipintzeari. Gaineratu dutenez, gimnasioko makineria eta igerilekuko lurra berrizteko ere diru partida bat eskainiko dute. Azkenik, erresidentziako jardinak herriratu nahi ditu udalak.
Aurrekontuak aurkezteagaz batera, udalak gogorarazi du helburua herritarrak zaintzea dela: “Beti esan dugu udalaren helburua herritarrak zaindu egin behar direla dela, eta ondo bizitzeko erronka eta proiektuak ipiniko ditugula martxan. Bide horretan, herritarrak protagonista izan behar dira, eta aurten horretarako aukera zabala izango dugu. Egin dezagun bidea batera”.

Iazko uztailean hasi zituzten Mendieta Ontziola eraberritzeko lanak. Argazkia: Lekeitioko Udala.