Oporrak bakean programari buruzko bilera irekia egingo dute Ondarroan
Otsailaren 13an [eguena] bilera irekia deitu dute, 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Programan izena emateko azkenengo eguna martxoaren 15a [zapatua] izango da.
Oporrak Bakean programari buruzko bilera irekia antolatu du Ondarroako Yaalah Elkarteak; programaren inguruko xehetasunak eman, harrera familien esperientziak kontatu, eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko asmoz, besteak beste. Hitzordua otsailaren 13an [eguena] izango da, 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Errefuxiatu kanpamentuetatik Euskal Herrira uda pasatzera etortzen diren haur sahararrak harreran hartzen ditu Oporrak Bakean programak. Euskal Herrian uda pasatzera datozen haurren kopurua urtez urte aldatzen joan den arren, 300 ume harreran hartzea da helburua, “umeen harrera inoiz baino beharrezkoagoa” baita. Hala, programan parte hartzeko zenbait irizpide zehaztu dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizitzea, kanpamentuetatik datozen umeekin egoteko denbora izatea, espazioa izatea, familian bat gehiago izateko gogoa edukitzea, eta familiak dagozkion ardura eta konpromisoak hartu eta betetzea.
Yaalah Elkarteko kideek eguenean egingo den bilera irekira joateko deia egin die harrera familia izan nahi duten guztiei, bertan emango baitute beharrezkoa den informazioa, eta gainera, familien zalantzak argitzeko tartea ere irekiko dute.