33. Pala Txapelketarako izen ematea, zabalik
Martxoaren 6an hasiko dute Amorotoko Pala Txapelketaren 33. ekitaldia. Izen ematea zabalik da, hilaren 23ra arte.

Beste urte batez, Amorotoko frontoiak palistarik onenak hartuko ditu. Martxoaren 6an hasiko dute Amorotoko Pala Txapelketaren 33. ekitaldia, eta izen ematea zabalik dago. Amorotoko Pelotazaleek beraien posta eletronikoa (amorotokopilotazaleak@gmail.com) eta Instagram kontua (@amorotokopelotazaleak) eskuragarri jarri dituzte, izen ematea egiteko; otsailaren 23a izango da epemuga.
Aurtengo berrikuntza nagusia pilotalekuaren kolorea izango da, antolatzaileek argitu dutenaren arabera: “Kolore zuria berdeak ordezkatu du. Pilota ikusgarriagoa izan dadin, pilota beltzen ordez, zuriak baliatuko ditugu”. 20 bikote inguru animatzea aurreikusten du antolakuntzak: “Normalean kopuru horren bueltan ibiltzen gara; Lea Ibarrekoak izaten dira gehienak, baina baita Mutrikukoak edota, urteren batean, Eibarkoak ere”. Era berean, pilotariei animatzeko deialdia luzatu diete.
Urtero legez, kategoria bi egongo dira: lehen eta bigarren mailak. Izena ematerakoan, pilotariek iragarri beharko dute bietako zeinetan parte hartu gura duten. Denek ala denek asegurua edukiko dutenez, federatuek zein federatuta ez daudenek parte hartu ahalko dute. Hala aurrelariek, nola atzelariek babeserako betaurrekoak erabili beharko dituzte; partiduak 30 tantora jokatuko dituzte, gomazko pilotarekin. Izen ematea 30 eurokoa izango da.
Partiduak, bestalde, barikuz, zapatuz eta domekaz jokatuko dituzte. Izen ematea zarratzerakoan jakingo dute parte hartzaileen kopurua zenbatekoa izango den eta, horrenbestez, orduan atonduko dute partiduen egutegia.