"Ilusioz" ekin diote energia komunitatea eratzeko lehen urratsei Mutrikun
Lehen saioan "baikortasuna" eta "ilusioa" nagusitu zela adierazi du Mutrikuko Udalak. Bigarrena, otsailaren 19an [eguaztena] egingo dute, 18:00etan, Luardon.
Udalerriko energia komunitatea eratzeko lanean dabil Mutrikuko Udala, herritarrekin batera, eta prozesua aurkezteko asmoz, lehenengo saioa egin zuten otsailaren 4an Luardon. Nahiz eta energia komunitatetik sortuko den proiektua definitzeko dagoen, saioan “baikortasuna” eta “ilusioa” nagusitu zirela azpimarratu du udalak. Guztira, 20 lagun inguru bertaratu ziren, eta hurrengo hitzordua otsailaren 19an [eguaztena] izango dute, 18:00etan, Luardon.
Udalak Goiener taldearekin sinatutako hitzarmena dela eta, Oier Etxeberria eta Aitor Osa teknikariak izango ditu bidelagun Mutrikuko energia komunitateak. Hain zuzen ere, lehenengo saioan, bi teknikariak izan ziren Energia Berriztagarrien Komunitatea zer den eta eratze prozesua nolakoa izan daiteken azaldu zutenak.
Gaiarekiko interesa piztuta, pasa den asteko saiora “informatzeko” eta ahalduntzeko” helburuarekin bertaratu ziren gehienak: “Gaiaren inguruan informazio gehiago zeukatenak ere etorri ziren saiora, eta etxebizitza blokean plaka fotovoltaikoak ezartzeko asmoa edota soberakinak komunitatearekin partekatzeko ideiak ere atera ziren. Baita ere, aspektu soziala nabarmenduz, herritik sortutako proiektua izanik taldeengan aniztasuna bilatzea ere ezinbestekoa dela azpimarratu zuten beste zenbaitek”.
Nahiz eta oraindik taldeak hartuko duen martxa ikusteko dagoen, datorren saioan, otsailaren 19an, energiarekin erlazionatuta burutu daitezken hainbat proiektu izango dituzte hizpide: “Aukera desberdinak aztertuko ditugu, martxan jarri nahi den proiektua apurka-apurka definitzen joateko”. Bertaratuek beraien kezkak ere plazaratu zituzten. Izan ere, proiektuak taldean garatzeak izan ditzaken oztopoen inguruan aritu ziren. Hala ere, horrelako proiektuak abiarazteko momentua dela aipatu zuten: “Geuk ez badugu aldaketa sustatzen, nork egingo du gugatik?”.