Joko bi definitzen dituen material hautaketa
Winter Seriesen finalerako materialaren hautaketa egin dute bi bikote finalistek. Pilota bizkorrak aukeratu dituzte Erkiagak eta Ibarluzeak; mantsoagoak, Ladutxek eta Mantzisidorrek. Partiduak material aukeraketa molda dezakeela nabarmendu dute lau puntistek.

Zesta-puntaren hitzordu nagusietako bat bereak emateko puntuan dago. Domeka honetan, 12:00etan hasita, Eusko Label Winter Seriesen laugarren ekitaldiaren final handia jokatuko dute, Jai Alain, zesta-puntaren katedralean. Orain arteko jardunaldietan bezala, ikusleek erantzun aparta eman diote lehiaketari, eta harmailak jarraitzailez lepo egongo dira. Partidua zuzenean jarraitzeko aukera egongo da ETB1en nahiz eitb.eus-en.
Lea-Artibaiko nahiz Mutrikuko ordezkaritza kantxaratuko da, Lapurdikoaz gain. Iazko garaileek, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak, bigarrenez jarraian irabazteko balentria dute aurretik; Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak, ostera, ezustekoa emateko grina. Finalerako bidea duela bi aste, finalaurrekoen ligaxkan, hasi zen: azken partiduaren lagina jokatu zuten lau puntistek. Lea-Artibaiko bikote larrosa nagusi agertu zen. Bide horren bigarren geltokia, baina, asteon iritsi da: finalerako materialaren hautaketa egin dute, finalaren agertokian bertan.
Aritz Erkiaga: “Aurretiaz material jakin baten alde egin arren, baliteke finalean beste bat erabiltzea”
Beteranoaren hitza.
Erkiagak eta Ibarluzeak 108ko piloten alde egingo dute; Ladutxek eta Mantzisidorrek, ordea, 106koak hobestu dituzte. Edozelan ere, bikote biak bat datoz, zenbakiari barik, materialaren “izaerari” erreparatzerakoan. Larrosek punpadun pilota biziak baliatzea dute arma. Abiadura behar du beren finalak, erritmo handia, Erkiaga jokoaren jabe izatea. Ispastertarrak argitu du frontoiaren nortasunak zeresan handia duela, zein material erabili hautatzerakoan: “Jai Alai plaza handia da, hutsuneduna, eta horiek betetzeko pilotak behar ditugu”.
Pilota denak birritan probatuta, “gustura” geratu da aukeraketarekin. Finalaz galdetuta, beren jokoa ezarri beharraz mintzo da: “Hasieratik erremateetan asmatzea gako izango da. Gainera, aurretiaz material jakin baten alde egin arren, baliteke finalean beste bat erabiltzea”.
Ion Ibarluzea: “Lehiaketa osoan faborito garela entzun dut, baina lortu dut burua hotz mantentzea”
Hiru gazteen ahotsak.
Ibarluzea izan da, norbait izatekotan, laugarren ekitaldiak utzitako konfirmazioetako bat. Markina-xemeindarra iaz baino seguruago agertu da, “konfiantza gehiagorekin“: “Aurten, lasaiago hasten ditut partiduak, eta hutsegiteei buelta emateko gai naiz. Lehiaketa osoan faborito garela entzun dut, baina lortu dut burua hotz mantentzea eta denetariko egoerei aurre egitea”.
Mikel Mantzisidor: “Nire orain arteko kirol ibilbideko partidu handienaren atarian nago, eta saiatu behar naiz buru aldetik hotz kantxaratzen”
Mantzisidorrek bere bikotekidearen eta arerioen parekoa uste du, materialari dagokionez: “Batzuetan, pilota motaren zenbakiak gauza bat dio, baina pilotak berak beste bat. Beraz, aldaketak egiteko prest egon beharko gara”. Mutrikuarrak, bestalde, alde psikologikoa azpimarratu du: “Finalaren egunean eta aurrekoetan, urduritasuna dominatzen ikasi behar da, asko baitago jokoan. Nire orain arteko kirol ibilbideko partidu handienaren atarian nago, eta saiatu behar naiz buru aldetik hotz kantxaratzen”.
Ludovic Ladutxe: “Estrategia prestatu dugu, baina partiduaren noranzkoak moldatu dezake”
Ladutxen ustez, material aukeraketak “ez du sorpresarik utzi”: “Mikelek eta biok ondo genekien aurkariek pilota biziak hautatuko zituztela; guk mantsoagoak aukeratu ditugu. Dena dela, partiduak argituko du azkenean zein materialen alde egingo dugun”. Finalerdien ligaxkako azken partiduko zorrak kitatuta iritsiko da lapurtarra, “hobetu beharrekoak” landuta: “Estrategia prestatu dugu, baina partiduaren noranzkoak moldatu dezake”.
Kartak mahai gainean daude. Prestakuntza oro eginda dago. Txapelek oraindik ez dakite zein burutara joko duten. Larrosek hautagaien presioa dute soinean: hutsik ez egiteko ardura. Urdinek konfirmazioaren bidezidorrean aurrera egin beharraren zama dute sorbaldetan: aukerari ihes egiten ez uzteko agindua. Nor bere ikur, zeinu eta sinboloei otoitz egiten hasia da. Orain, katedralari dagokio azken berba.












































