Kuantika eta surfa izango dituzte ardatz Zientziaren Giltzaken hitzaldian
Aran Garcia Lekue fisikariak eskainiko du astelehenean [otsailak 17], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean egongo den hitzaldia.
Kuantika eta surfa aztertuko ditu Aran Garcia Lekue fisikariak Zientziaren Giltzak Elkarteak astelehenerako [otsailak 15] antolatu duen hitzaldian. Hitzordua 18:30ean izango da, Ondarroako Kofradia Zaharrean. “Fisika eta surfa dira nire pasio handienetako bi. Nanoeskalako objektuen fisika aztertzeko mundu kuantikora bidaiatzen dut. Handik bueltan itsasoan murgiltzen naiz, olatuekin jolastera”, aipatu du Garciak.
Azken hamarkadetan mekanika kuantikoari dagokionez, bere efektuak esploratzeko eta aprobetxatzeko aukerak “nabarmen” ireki direla dio fisikariak: “Arrazoi nagusienetako bat da nanozientziaren garapenean izandako aurrerapenek ohiko bihurtu dutela eskala horretan gertatzen diren fenomeno fisikoak ikertzea. Nanoteknologiaren eta zientzia kuantikoaren bateratze hau azkar hedatzen ari da, eta garapen teknologiko berrietako aukera eskaintzen du, besteak beste komunikazio eta konputazio kuantikoan”.
Surfa zientziaz betetako kirola dela dio Aran Garciak. Izan ere, olatuen dinamika, mareen eragina eta itsasoko baldintzak aztertzea “ezinbestekoa” dela dio, eta horrez gain, surfeko taularen diseinu aerodinamikoak eta materialak surflarien errendimendua optimizatzen dutela zehaztu du, “natura eta fisika bat eginez”. “Kuantikak eta surfak bi mundu desberdin diruditen arren, oinarrian olatuen portaerari lotuta daude. Surflariek ozeanoko olatuak olatuak harrapatzen dituzte, haien energia eta mugimendua aprobetxatuz. Era berean, kuantikak olatuen izaera aztertzen du, baina eskala atomikoan, materia eta energia deskribatzen dituzten uhin-funtzioak erabiliz”.
Beraz, surfa eta kuantika ardatz izanda, nanozientzia eta teknologia kuantikoaren arteko uztarketa deskribatuko du Garciak, ikerketa eremua laburbilduz. Horrez gain, kirola eta fisika uztartuz, surfaren zientziaz arituko da. “Nire helburua, zientzia pixka bat ikasteaz gain, kuantika eta surfaren nahasketa honek inspirazio eta gozamen gisa balio izatea da”.
Ikerbasqueko ikertzailea da Aran Garcia Lekue, Donostia International Physics Centerren (DIPC). Fisika Zientzietan lizentziaduna eta Materialen Zientzian eta Ingeniaritzan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskal Herritik kanpo ere aritu da lanean: Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Alemanian edota Danimarkan.