Sestaoko traineru jaitsiera irabazi dute ondarrutarrek
Ondarroako senior neskek lehenengo postua lortu dute Sestaon, eta lekeitiarrek, ostera, hirugarrena. Ondarroako senior mutilek hirugarren eta zazpigarren postuak eta Lekeitiokoek hamargarrena eskuratu dituzte. Hurrengo estropada zapatuan [otsailak 15] izango da, Orion.

Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariek Sestaon lehiatu zuten joan den domekan [otsailak 9], eta emaitza ezin hobeak eskuratuta itzuli dira etxera. Ondarroako senior neskek lehenengo postua eskuratu dute, eta Isuntzakoek, ostera, bigarrena. Senior mutiletan, aldiz, Ondarroak hirugarren eta zazpigarren postuak eskuratu ditu, eta Lekeitiok hamargarrena.
4.400 metroko estropada lehiatu zuten neskek. Ondarroa bosgarren txandan irten zen; lehenengo ziaboga 12 minutu eta 47 segundogaz hartu zuen, eta estropada, ostera, 14 minutu eta 34 segundogaz amaitu zuen. Euren atzetik Astillero heldu zen, ia hamar segundoko aldeagaz (14:42.55). Hirugarrenak, ostera, lekeitiarrak izan ziren: Isuntzak 13 minutu eta 3 segundo behar izan zituen ziaboga hartzeko, eta 14:47.32, estropada amaitzeko.
Mutilek, ostera, 6.000 metroko estropada lehiatu zuten 25 traineruk. Isuntza eta Ondarroa bata bestearen atzetik irten ziren, 21. eta 22. txandetan. Hala, Zierbenaren (19:19.58) eta Donostiarraren (19:28.15) atzetik, Ondarroak hirugarren postua etxeratzea lortu zuen: lehenengo ziaboga 14 minutu eta 25 segundogaz hartu zuen, eta estropada 19:48.91ko markagaz amaitu zuen. Ondarrutarren B taldeak, aldiz, zazpigarren postua lortu zuen; ziaboga 14 minutu eta 41 segundogaz hartu eta estropada 20:02.77ko markagaz amaitu zuen. Lekeitiarrek hamargarren postuan amaitu bazuten ere (20:07.28), Santurtzin jokatutako lehenengo estropadako marka hobetzea lortu zuten (14. postuan geratu ziren).
Hurrengo traineru jaitsiera zapatuan izango da, Orion; 16:00etatik aurrera 6.000 eta 4.000 metroko estropadak lehiatuko dituzte arraunlariek.

Ondarroa.Iñaki Beitia