Surf eta Bodyboard Txapelketak hartuko ditu zapatuan Karraspiok
Lekeitioko Artzabal Surf Elkarteak zapatuan [otsailak 15] 10:00etarako ipini du hitzordua; egun osoko txapelketa izango da. Parte hartzeko izena eman behar da.
Eskualdeko nahiz inguruko surflariek badute hurrengo hitzordua. Izan ere, Lekeitioko Artzabal Surf Elkarteak Surf eta Bodyboard Txapelketak antolatu dituzte zapaturako [otsailak 15]. Egun osoko txapelketa izango dela azaldu dute, 10:00etan hasita.
Parte hartu nahi duten denentzako zabalik egongo da txapelketa: “Ez da izango ume txiki-txikientzat, baina hortik aurrera edonork parte hartu dezake. Txapelketa mistoa izango da, bai adinari dagokionez eta baita sexuari dagokionez ere”. Parte hartzeko izena aurretik ematea gomendatu dute, artzabalsurfelkartea@gmail.com helbidera edo @artzabalsurfelkartea_ Instagram kontura idatziz.
“Giro ona” edukitzea lortu nahi dute antolatzaileek, lagunarteko txapelketa bat bultzatuz. Gainera, aurreikuspenen arabera, eguraldiaren laguntza ere edukiko dute: “Eguraldi ona dago emanda, metro bateko olatuekin. Itsasbehera 12:00etan izango da, eta horrek aukera emango digu olatu onetaz gozatzeko”.
Hiruna sari banatuko dituzte txapelketa bakoitzean. Lehenengo postuan geratzen direnek txapela eta Dzingua dendan erabiltzeko 100 euroko bonoa eskuratuko dute. Bigarrenek, aldiz, Dzinguan erabiltzeko 50 euro eskuratuko dituzte, eta hirugarrenek, Artez fisioterapia zentroan sesio bat.