Zabalik dago Artedrama Euskal Laborategian izena emateko epea
Aurten apirilaren 21etik 26ra bitartean egingo da arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea, Aulestin.
ArteDrama Euskal Laborategiagaz (ADEL), apirilaren 21etik 26ra bitartean, euskarazko artearen erakusleiho bihurtuko da Aulesti. “Arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea”. Izen ematea zabalik dago jada, eta 500 eurokoa da, lotarako lekua eta otorduak barne. Interesatuek 615 77 95 11 zenbakira deitu edo posta elektronikoa bidali dezakete: info@artedrama.com. “Azkar ibili, 16 leku bakarrik ditugu eta!”, adierazi dute antolatzaileek.
Aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleei zuzendutako ekimena da, eta Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen artean eztabaidak edukitzeko eta jakintza eta elkartrukeak sustatzeko helburuagaz egiten da. Astelehenetik zapatura bitartean, 48 orduz, sei irakasleren tailerrak egongo dira. Mikele Urroz Zabalza, Garazi Etxaburu Aulestia, Aitzol Iraola, Ander Lipus, Dejabu konpainia, eta Metrokoadrokoa Sormen Laborategiko Ainhoa Alberdi, Javier Barandiaran eta Oier Guillan arduratuko dira tailerren gidaritzagaz.