"Ahoz gora" esateko poesia, Uhagonen
‘Hitz esana’ poesia errezitaldia eskainiko dute zapatu arratsaldean, Uhakon kulturgunean.
Mejillon Tigre Kolektiboak Hitz esana poesia errezitaldia dakar Markina-Xemeinera. Zapatuan [otsailak 15], 19:30etik aurrera, Uhagon kulturgunean eskainiko dute. «Poesia errezitaldi bat da, poesia modu zehatz bat, alderantziz adierazteko idatzitako poesia, errepikapenari, erritmoari eta hitzen zentzuari arreta berezia eskaintzen diona», azaldu dute sortzaileek. Sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahalko dira, eta bazkideentzat sarrera doakoa izango da.
Mejillon Tigre kolektibo zahar-berria Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak osatzen dute. Agian, Eider Perez eta Ane Garcia izenez ere ezagutuko dituzte askok bi sortzaile horiek, baina haien literatur lanak argitaratzeko amonen abizenak erabiltzeko hautua egin dute.
Sormen-lanak kolektibotasunetik landu eta plazaratzeko asmoz sortu zuten Mejillon Tigre izena, baina aurretik ere elkarrekin jardunak ziren. Hain zuzen ere, 2016-2019 bitartean, Autobiographikal emanaldiarekin hara eta hona ibili ziren, munduko emakume poeten lanak euskaraz errezitatu eta antzezten. Azken urteetan, ostera, Hitz esana emanaldiarekin bira txiki bat egiten ari dira Euskal Herrian barrena.
Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia da Hitz esana. Batez ere ingeles hiztunak diren herrialdeetan landutako poesia-molde konkretu bat da spoken word deritzona: ahoz gora esateko idatzitako poesia; errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen dion poesia; entzulearekin zuzen-zuzenean komunikatu nahi duen poesia; gorputzaz ahazten ez den poesia; esan egiten den poesia; momentuan gertatzen den poesia.