34 urtez Ondarroako uhinetan
34 urte bete ditu Ondarroako Radixu Irratiak, eta urteurrena ospatzeko ekimen desberdinak egingo ditu otsailean zehar. Batetik, Ondarroako Portuko Ranpan antolatutako kontzertuekin emango dio hasiera egitarauari, gaur. Bestalde, urtero legez, 48 orduko etenik gabeko irratsaio berezia eskainiko du; otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da hori.

Ilusioa eta gogoa. Ilusioa, duela zenbait urte hasitako proiektuagaz jarraitzeko, eta gogoa, gai desberdinak mahaigainean jarri, eta Ondarroako herriari hedabide handiek ematen ez duten informazioa helarazteko. Bi ezaugarri horiek dira 34 urteren ondoren uhinetan jarraitzeko formula Radixu Irratiarentzat.
80. hamarkadako irrati libreen loraldiagaz batera erein zuen bere hazia Ondarroako Radixu Irratiak. Garai hartako Euskal Herriko giro politikoak sekulako eragina izan zuen loratze horretan, eta mugimendu sozialetatik abiatuta, kultura alternatiboa praktikan jartzeko tresna izan ziren irratiak. Izan ere, irrati libreez gain, era guztietako rock taldeak sortu ziren, baita fanzineak ere, eta gaztetxeen mugimenduak ere sekulako indarra hartu zuen unea izan zen.
Testuinguru horretan sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Ondarroako Radixu Irratia. 1986. urtean eman zituen lehen pausoak, gazte kuadrilla batek ganbara batean muntatutako emisorean. Ondoren, gaztetxe zaharra izan zen irratiaren bigarren etxea, eta duela 34 urtetik gaur egunera arte, Ondarroako kanpandorrean dauka habia Radixu Irratiak. “Beste proiektu komunikatzaile batzuekin batera jaio zen Radixu Irratia. Jendeak gai desberdinak mahaigainean jartzeko gogoa zeukan, kontra-informazioa helarazteko interes eta nahia zegoen. Bat-batean, irrati libreen sorrerarekin, guk egin genezaken zerbait bihurtu zen guzti horretarako tresna izan zen Radixu Irratia, eta gaur egun ere, bide horretatik jarraitzen du”.
Herriko musika taldeek gaztetxean eskainitako kontzertuekin lortu zuten irratiko tresneria lortzeko beharrezko dirua, eta 1990eko abenduaren 2an igorri zen lehen aldiz, kanpandorretik. “Eta ordutik, martxan dago Radixu Irratia, nahi duenarentzat zabalik, Ondarroan hain ezaguna dugun FMko 105.5 frekuentzian, edo Radixu.info webgunean”. Orain, gainera, antena berriagaz, 105.55 eta 105.6 frekuentzian ere entzun daiteke.
Beste proiektu komunikatzaile batzuekin batera jaio zen Radixu Irratia. Jendeak gai desberdinak mahaigainean jartzeko gogoa zeukan, kontra-informazioa helarazteko interes eta nahia zegoen.
34. urteurrena ospatzeko “gogoz” daude irratiko kideak, eta horregatik, otsailean zehar egingo dituzten ekimenak aurkeztu dituzte: “Portuko Ranpan antolatu dugun kontzertua izango da urteurreneko lehenengo ekimena. Gaur izango dugu hitzordua, Tatxers eta Chuleria Joder! musika taldeekin. Sarrerak bigarren egunerako agortu ziren, eta oso eskertuta gaude herriaren erantzunagaz”.
Bestalde, otsailaren 21ean, 22an eta 23an etenik gabeko 48 orduko irratsaioa eskainiko dute, bariku iluntzean hasi, eta domeka iluntzera arte. Bertan, Radixu Irratiaren ibilbidean zehar egon diren irratsaio desberdinek parte hartzeaz gain, berriak ere egongo dira. “Guztira hogei irratsaio egongo dira 48 ordutan. Bederatzi lehengoak dira, Radixu Irratiak martxan daraman denbora honetan noizbait irratsaioren bat egin dutenak. Gaur egunekoak zazpi dira, irratsaio berri bakarra daukagu, eta bereziei dagokionez, hiru izango ditugu”.
Alternatibak eraikitzen. Ondarroako Radixu Irratia, irrati librea da: “Aurretik irrati libreek, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europa iparraldean, ohiko kanaletatik kanpo kokatzen ziren komunikabide alternatiboen bidea jorratuta zuten aspalditik. Kontra-informazioaren beharra azpimarratzen zen, hau da, komunikabideak interes komertzialen eta boterearen manipulazioaren menpe daudenez, ezinbestekoa da nolabaiteko erantzuna ematea, beste era bateko komunikabideak hedatuz”.
Horrez gain, autogestioa ardatz, “diruaren ustelkeriarengandik” urrundu, eta publizitaterik gabeko komunikabideak dira: “Erabakiak asanblada bidez hartzen ditugu, eta irratsaio bakoitzaren antolakuntza norberaren esku dago. Borondatez egiten dugu lan, eta finantziazio osoa, gaur egun, Zapato Azuletik jasotzen dugu, Radixu Irratia baita herriko jaia antolatzen duen eragilea”.
Borondatez egiten dugu lan, eta finantziazio osoa, gaur egun, Zapato Azuletik jasotzen dugu, Radixu Irratia baita herriko jaia antolatzen duen eragilea
Gainera, irratia, Arrosa Irrati Sarearen parte ere bada. 1998an egin ziren sarea sortzeko lehen bilerak, eta 2001ean sortu zen ofizialki. Ordutik, Radixu Irratia sarearen parte da. Gaur egun, askotariko 23 irrati biltzen dituen federazioa da honakoa: irrati libreak, udal irratiak, eskualde mailakoak zein nazionalak. Euskara da guztiak barnebiltzen dituen elkargunea, eta elkarlana oinarri izanda, irratsaioen elkartrukeak egiten dituzte sarearen parte diren irratiek, 2012tik.
Herria astinduz. 34 urte daramatza uhinetan Radixu Irratiak, eta pausoz pauso, beste horrenbeste egiteko asmoa daukate irratiko kideek. “Jendeak beti edukiko du gogoa gai desberdinak mahaigainean jartzeko, eta horretarako gogoa dagoen bitartean, Radixu Irratia hor egongo da. Nork esango zigun honaino helduko ginela? Hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu beste hainbeste urtez, uhinen bidez herria astintzen”.
Otsailak 21, barikua
- 20:00: Toleta apurtu.
- 22:00: Ahuntzan gauerdiko eztule.
Otsailak 22, zapatua
- 00:00: Atzanak ati itxi.
- 02:00: Makondo.
- 04:00: Naranja azule.
- 07:00: Leartigol.
- 09:00: Hilbehera + SDR.
- 13:00: Kontsome sopa.
- 16:00: Siestako ordu (irratsaio berezia).
- 17:00: Time to Roots.
- 19:00: Terranobako salau.
- 22:00: Jon Porruren ortua.
Otsailak 23, domeka
- 01:00: 9 milimetro.
- 03:00: Kukumulutxun.
- 07:00: Azken mohikanoak.
- 12:00: Irratsaio berezia.
- 14:00: Boga ta Zixe.
- 16:00: Binilo artin galdute.
- 18:00: Erozemat.
- 20:00: Amaiera.