Silitia: "Oso pozik eta oso harro gaude egin dugun lan berriarekin"
Azken hilabeteetan euren album berria izango denaren hainbat pista argitaratu ditu Silitiak. Aldaketa askorekin datoz, eta 'Mirari orok tapatzen zauria' izenagaz, album bat baino gehiago izango dena argitaratzeko puntuan daude.

Ibai Silicatok (Lekeitio, 1997) eta Xabier Barrutiak (Bilbo, 1999) Silitia sortu zutenetik, bide emankorra egin dute musika eszenan. Ia ziurtasunez diote Mirari orok tapatzen zauria euren album berria “inflexio puntua” izango dela. Lan berria aurkezteko, MOISES, TXO! eta Lorearena abestiak argitaratu dituzte, bideoklipez osatutako film labur batekin, gainera. Gaur ikusi du argia film laburrak, baita beste abesti batek ere: M.O.T.Z.
Mirari orok tapatzen zauria. Hala izendatu duzue album berria. Zelako Silitia ezagutuko dute entzuleek?
Ibai Silicato: Helduagoa. Heldutasun apur batekin gatoz. Lana beste ikuspuntu batetik hartu dugu, beti esentzia ganberro horrekin, baina serioago hartu dugu gure burua, eta albumak ere esentzia hori badauka. Dentsoagoa da, eta kalitatez afinatuago dagoela ere esango nuke.
Inspirazio edo erreferente zehatzik izan duzue azken disko honetan?
I.S.: Gaitza da hau erantzutea, ze, ez ditugu erreferenteak topatzen. Ez da zerbait gustatzen zaigula eta hori egiten saiatzen garela. Baizik eta, urte guztian entzuten ditugun abestiekin bustitzen gara, eta azken finean, horiek dira gure erreferenteak. Zehazki zeintzuk diren esaten ez nuke jakingo.
Xabier Barrutia: Abestika moduan egiten dugu lan. Ikusten dugu abesti batek nora eroaten gaituen edo zer behar duen, eta hortik tiratzen dugu.
M.O.T.Z. abestia atera duzue gaur, eta Lorearena abestia, duela gutxi. Zelako harrera eduki du Lorearena abestiak?
I.S.: Egia esan, harrituta gaude. Gu ohituta gauden harrerarekin alderatuz gero, honek askoz gehiago eduki du. Gu apur bat arraro samarrak beti izan garenez, ez da erraza egiten duguna ulertzea. Lorearena apur bat poperoago egin dugunez, oso ondo funtzionatu du, eta funtzionatzen dabil oraindik ere.
X.B.: Bai, eta oso pozik hartu dugu harrera hori.
Instagramen ipini zenuten zuen abestirik ederrena dela. Zergatik?
I.S.: Ukitu sentikorra dauka. Nire amari eskainitako abestia da, Lorea deitzen da-eta. Puntu horretatik irteten den abestia denez, horregatik da sentikorrena.
“Azken hilabeteetan banda formatua prestatzen egon gara, eta orain lau izango gara zuzenekoetan”
Kolaborazio bat ere egon da abestian.
X.B.: Bai, Ander Amurizak alboka jotzen du abestian. Haizezko instrumentu bat sartu nahi genuen, eta hori etorri zitzaigun burura. Sonoritate aldetik oso elegantea dela uste dugu. Abestia bera Eneko Ajangizek produzitu digu, eta horregatik ere, berezia izan da. Ze, albuma osatzen duten gainontzeko abestiak Urtzi Izak produzitu dizkigu.
Lorearena abestiaren aurretik atera dituzue beste bi ere, TXO! eta MOISES. Zelako harrera izan dute horiek?
X.B.: Albuma ateratzeko prozesua hor hasi dugu, bi abesti horiekin. Gu oso pozik gaude, ze, azken batean, proiektuak aldaketa bat edukiko du, eta emozionatuta gaude datorrenarekin.
Disko berriarekin batera ezustekoak ere badatozela esan duzue. Zerbait aurreratzerik?
X.B.: Azken hilabeteetan banda formatua prestatzen egon gara, eta orain lau izango gara zuzenekoetan. Hori prestatzen ibili gara buru-belarri, egia esan. Eta horixe da sorpresarik handiena.
Bideoklipak ere egin dituzue, estilo bereziagaz. Zer transmititu nahi izan duzue?
I.S.: Bideoklipen proiektua Imanol Abad eta Imanol Exposito zuzendariek eroan dute. Teknikoki eurek esan beharko lukete, baina kamera zahar batekin grabatuta daude bideoklipak. Horren testurak kalitatea jaisten dio, eta 80ko hamarkadaren imitazio bat izan da. Bideoklipak, gainera, film labur batekin batera datoz.
X.B.: Bai, hori da. Hiru abestirekin, MOISES, Lorearena eta M.O.T.Z, film labur bat egin dugu, eta gaur argitaratu da.
Disko bat baino gehiago da, beraz, argitaratuko duzuena. Pozik geratu zarete emaitzarekin?
I.S.: Oso pozik gaude, oso harro egindako lanarekin.
X.B.: Eta gogotsu ere bai, abesti denak irten eta jendeak entzun ditzan. Diskoa urrian amaitu genuen, eta gogoz gaude dena argitaratzeko.
Lume agentziagaz hasi zarete lanean, eta eurek diote disko hau inflexio puntu bat iza
ng
o dela. Hala da zuentzat ere?
X.B.: Bai. Album serio bat da, 40 minutuko LP bat, eta gauza asko agertzen dira. Inflexio puntu bat izan daiteke.
Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen Silitia gaur egungoarekin alderatuz asko aldatu da?
I.S.: Ez, hain intentsoa izan da, ze ez daukagula sentsaziorik hiru urte pasa direnik ere. Ez gara gelditu, eta sentsazioa izan da ez dela aldaketarik egon. Azken urtean egin dugun geldialdiarekin eta albuma prestatzen aritu garen honetan, bai nabaritu dugu album hau dela aldaketa.
Geldialdia egin ostean, gogoz zaudete itzultzeko?
X.B.: Bai. Azken kontzertua joan den hilean eman genuen, Madrilen. Banda osoarekin joan ginen, eta ikusten da beste maila bat ematen dugula. Oso gogotsu gaude bira honekin hasteko.
Bi izatetik lau izatera. Aldaketa handia nabaritu duzue?
I.S.: Beste energia bat nabaritzen da. Bateria bat eroateak, adibidez, beste indar bat ematen dio, beste sonoritate bat da. Eta beste seriotasun eta presentzia bat ere hartzen du. Orain arte bikote formatuan egin ditugu gauzak, eta aldaketa honekin emozionatuta gaude. Gainera, agertokian gehiago jolasteko aukera ere ematen digu.
Martxoaren 20an egingo duzue diskoaren aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean. Urduri zaudete?
I.S.: Horren aurretik, otsailaren 28an, album osoa argitaratuko dugu, eta horrekin batera argitaratuko ditugu birako data batzuk ere. Orain momentuan, Bilborako ez gaude urduri, gogotsu baizik. Gainera, salmentak ondo doaz, eta beraz, energia ona egongo da. Gu horrekin pozik gaude. Bilbon topera egongo gara, Silitia topera entzuteko aukera egongo da.